Itxi

Zinema

Zinebi

Agnieszka Holland zinemagile poloniarrak Zinebiren Ohorezko Mikeldi saria jasoko du

EITB Media

Azaroaren 11n jasoko du zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko jaialdiaren saria, inaugurazio ekitaldian.

  • Agnieszka Holland. Argazkia: Jacek Poremba.

    Agnieszka Holland. Argazkia: Jacek Poremba.

Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarrari emango dio 64. edizioaren Ohorezko Mikeldi sarietako bat, "Europako historiaren aldaketa handiak islatu dituen borroka ibilbide oso batean norbanakoen askatasunekiko konpromisoa duen begirada izateagatik".

Hollandek azaroaren 11n jasoko du saria, Arriaga antzokian, Zinebiren 64. edizioaren inaugurazio ekitaldian.

Krzysztof Kieslowski eta Janusz Kijowski belaunaldikideekin batera, 1970eko hamarkadaren amaierako eta 1980ko hamarkadaren hasierako 'Kezka moralaren zinema' mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, besteak beste, Cannesen saritutako 'Aktorzy prowincjonalni' (1978) eta Zinebiren hurrengo edizioan proiektatuko den 'Kobieta samotna' (1981) filmekin.

Holland Polonoatik erbesteratu zen 1980ko hamarkadan, baina bere herrialdea nazioarteko ibilbide arrakastatsuan filmatu dituen lan askotan egon da. Ibilbide horretan, Oscar sarietarako hiru izendapen lortu ditu, eta 'Bittere Ernte' (1985), 'To Kill a Priest' (1988), 'Europa, Europa' (1990), 'Olivier, Olivier' (1992) eta 'Total Eclipse' (1995) filmak egin ditu, besteak beste.

Gaur egun, Europako Zinemaren Akademiako lehendakaria da, eta Polonia jaioterrian, Txekiar Errepublikan eta AEBetan film eta serie proiektuak bateratu ondoren, 'Kafka' izeneko egitasmoa prestatzen ari da.