Itxi

Zinema

Sariak

"The Banshees of Inisherin" eta "The Fabelmans" nagusi, Urrezko Globoetan

EITB Media

Telsailen artean, "Abbot Elementary"k hiru sari eraman ditu atzerritar prentsaren elkartearen sarien galan, azken urteetan ospe ona eta garrantzia galdu dituen zita baten behinolako dirdira berreskuratzen saiatu diren honetan.  

  • Spielberg, "The Fabelmans"ek lortutako Urrezko bi Globoekin. Argazkia: Efe.

    Spielberg, "The Fabelmans"ek lortutako Urrezko bi Globoekin. Argazkia: Efe.

"The Fabelmans" Steven Spielbergen eta "The Banshees of Inisherin" Martin McDonaghen pelikulek aurreikuspenak bete dituzte: irabazle nagusiak izan dira Urrezko Globoen, Hollywoodeko Atzerritar Prentsaren Elkartearen, sarien 80. edizioan.

"The Fabelmans" Steven Spielbergen lan autobiografikoak bi sari jaso ditu, pelikula dramatiko onenarena eta zuzendaritza onenarena. "The Banshees of Inisherin" Martin McDonaghen pelikulak sari bat gehiago jaso du, zortzi ataletan izendatuta egon eta gero: komedia edo pelikula musikal onenarena, komediako gizonezko aktore onenarena eta gidoi onenarena, azken hori McDonaghentzat beretzat.  

Cate Blachettek ere aurreikuspenak bete ditu, eta emakumezko aktore dramatiko onenaren Urrezko Globoa lortu du "TÁR" Todd Fieldek musika klasikoaren munduan girotu duen draman egindako lanari esker.

Austin Butlerrek gizonezko aktore dramatiko onenaren saria irabazi du "Elvis"en kantari eta abeslari mitikoaren larruan sartzearren, eta Michelle Yeohk eta Ke Huy Quanek komedia edo film musikaleko emakumezko aktore onenaren eta antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren sariak eraman dituzte "Everything Everywhere All at Once" filmari esker. "Black Panther: Wakanda Forever" pelikulan Ramonda erreginarena egitearren, Angela Bassetek antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Urrezko Globoa jaso du.

Horrez gain, "Argentina 1985"k atzerriko film onenaren saria irabazi du. Saria jasotzeko orduan, Santiago Mitre zuzendariak eskaini die "diktadura garaitik Argentinan demokraziaren alde lan egin duten eta lan egiten ari diren guztiei".  

Guilllermo del Torok animaziozko pelikula onenaren saria irabazi du "Pinocho" klasikoaren stop-motioneko bertsioari esker.

Cecil B. Demile saria Eddie Murphyrentzt izan da, beraren ibilbidearen omenez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura