Itxi

Zinema

Jaialdiak

Irati Gorostidik Cannesko Kritikaren Astean erakutsiko du "Contadores" film laburra

N. V. | EITB Media

Eguesibartar zuzendariaren film politikoa Cannesko jaialdiaren sail paralelo horretan proiektatuko dute.

  • "Contadores"

    "Contadores"

"Contadores" Irati Gorostidiren film laburra Cannesko Kritikaren Astearen 62. ediziorako aukeratu dute. Apellaniz y De Sosa, Tractora eta Pirenaika ekoiztetxeen proiektua da filma, eta Kimuak 2022 katalogoari dagokio.

EITBren parte-hartzea duen pelikula 1978an girotuta dago: metalaren hitzarmena berritzeko negoziaketen erdian, militante libertario talde batek irmo eusten dio bere ideia erradikalei lantegiko lankideen aurrean, eta, aldi berean, langile mugimenduaren atomizazioaz jabetzen dira, etsipenez.

Cannesko Kritikaren Astea (maiatzaren 17tik 25era egingo dute aurten) 1962an sortu zuen Zinema Kritikarien Frantziako Sindikatuak, eta zinemagileen lehen edo bigarren film luzeak zein film laburrak hartzen ditu aintzat. Besteak beste, bertan erakutsi dituzte bere lehen lana Jacques Audiard, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Ken Loach, François Ozon eta Julia Ducornau zinemagileek, eta iaz Estibaliz Urresola arabarrak "Cuerdas" film laburra erakutsi zuen bertan.