Itxi

Zinema

Jaialdiak

Andrea Jaurrietaren eta Clara Bilbaoren film berriak Malagako jaialdian lehiatuko dira

N. V. | EITB Media

Malagako zinema jaialdiak "Nina" Jaurrietaren bigarren film luzea eta "Tratamos demasiado bien a las mujeres", Bilbaok jantzien diseinatzaile lanean ibilbide arrakastatsua egin eta gero sinatu duen lehen film luzea, aukeratu ditu Sail Ofizialerako.

  • Patricia López Arnaiz da "Nina"ren protagonista

    Patricia López Arnaiz da "Nina"ren protagonista

Malagako Zinema Jaialdiak martxoaren 1etik 10era egingo du 27. edizioa, eta Sail Ofiziala zein filmek osatuko duten iragarri dute gaur. Tartean dira Nina Andrea Jaurrietaren bigarren film luzea eta Tratamos demasiado bien a las mujeres, Clara Bilbao bilbotarrak zuzendua.

Ninak EITBren parte-hartzea du, eta Nina (Patricia López Arnaiz) du protagonista: jaioterrira itzuliko da, 45 urterekin, bizitza hondatu zion eta herritarrak erabat alde dituen gizonari mendekua hartzeko. Kostaldeko herrian batuko dira, eta azalera irtengo dira iragana eta Blas, haurtzaroko laguna, mendekua bide bakarra ote den pentsaraziko diona, filmaren sinopsian azaldu dutenez.

Ana de día Jaurrietaren filmaren ondorengoa Mundaka eta Bermeon filmatu zuten sei astez, iazko udaberrian, eta Lopez Arnaizen ondoan agertzen dira  Darío Grandinetti (Empieza el baile), Aina Picarolo (La casa entre los cactus), Iñigo Aranburu (Los Europeos), Mar Sodupe (La Caza) eta Ramon Agirre (Amour).

Tratamos demasiado bien a las mujeres Clara Bilbaoren lehen film luzea da, bi film labur zuzendu eta jantzi onenen hiru Goya sari irabazi eta gero. Antzeztaldean daude Carmen Machi, Antonio de la Torre, Diego Anido, Óscar Ladoire, Ayax Pedrosa, Luis Tosar, Gonzalo de Castro, Juan Luis Pérez, Sergio Alfonso, Juan Luis Cano eta Josele Santiago.

Sebastián Borensztein, David Trueba, Verónica Chen, Isaki Lacuesta eta Emilio Marínez-Lázaro zuzendariek ere aurkeztuko dituzte beren film berriak Malagako jaialdiaren Sail Ofizialean. 

Film laburrak

Film laburren Sail Ofizialean ere, euskal zuzendariak ugari daude zerrendan: Kote Camacho (Puzzleak. Bortxaketaren jauregia), Eneko Sagardoy (Betiko gaua), Ekain Irigoien (Europa), Jasone Urgoitia Urrutia (Armata), David Pérez Sañudo (Agrio), Marta Etura (Lucía), Raúl Campos (El aprendiz), Sonia Estévez (Malkoak) eta To bird or not to bird.