Itxi

Zinema

CANNESKO ZINEMALDIA

"Anora" filmak irabazi du Cannesko Urrezko Palma, eta "Emilia Perez"ek Epaimahaiaren zein aktoreen saria

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gainera, George Lucas zuzendariak Cannesko Zinemaldiko Ohorezko Urrezko Palma jaso du Hollywoodeko beste mito baten eskutik, Francis Ford Coppola lagunaren eskutik, hain zuzen ere.

  • "Anora" filmeko taldea sariarekin. Argazkia: EFE

    "Anora" filmeko taldea sariarekin. Argazkia: EFE

Sean Baker estatubatuarraren Anora izan da Cannesko Zinemaldiaren 77. edizioko irabazlea, eta Jacques Audiarden Emilia Perez filmak, Mexikoko narko bati buruzko musikalak, Epaimahaiaren Saria eta emakumezko aktore onenarena eskuratu ditu.

Karla Sofia Gascon espainiarrak, Zoe Saldaña dominikarrak, Selena Gomez estatubatuarrak eta Adriana Paz mexikarrak osatzen dute Audiarden filmaren aktore taldea.

Protagonista gizon izatetik emakume izatera igarotzen den narko bat da. Gasconek antzezten du pertsonaia nagusia, Mexikon Espainian baino ezagunagoa den aktore transexualak, eta bera izan da kide guztien izenean saria jaso duena.

Karla Sofía Gascón. Foto: EFE

Karla Sofia Gascon. Argazkia: EFE

Urrezko Palma irabazi duen Anora filmean, berriz, Mikey Madison aktorea da protagonista. Pelikulak sexu-langileen inguruko istorio dibertigarri bat kontatzen du.

Madison Ani da, errusiar oligarka baten semearekin ezkontzen den dantzari erotiko gaztea. Oinarri sozial sakona duen istorio kaotiko bat kontatzen da filmean.

George Lucasek eman dio Bakerri Urrezko Palma, eta oso hunkituta hitz egin du ondoren. "Urrezko Palma hau duela 40 urtetik hona amesten ari naizen zerbait da, ez dakit orain zer egingo dudan bizitza osoan", eta "zinemak bizirik jarrai dezan borrokan jarraituko dut", esan du.

Urrezko Palmaren izendapenak oso harrera ona izan du, nahiz eta faboritoa Mohammad Rasoulofen The seed of the sacred fig izan, Irango askatasun gabezia kritikatzen duen filma. Hain zuzen ere, Irandik alde egin behar izan du Rasoulofek "herrialdearen segurtasunaren aurkako krimenak egiteagatik" zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri baitiote.

Rasoulofek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du. Zuzendariak hunkituta jaso du oroigarria, eta taldekideei eskaini die. "Ez utzi Errepublika Islamikoak horrela tratatzen irandarrak", esan du.

Mohammad Rasoulof. Foto: EFE

Mohammad Rasoulof. Argazkia: EFE

Epaimahaiaren Sari Nagusia, berriz, garrantzitsuenen artean bigarrena, Payal Kapadia indiarraren All we imagine as light filmarentzat izan da.

Zuzendari onenarena Miguel Gomes portugaldarrak eskuratu du, Grand Tour fikzioa eta dokumentala, zuri-beltza eta kolorea nahasten dituen filmarekin.

Gidoi onenaren saria Coralie Fargeat frantziarrarentzat izan da, The Substance filmarengatik. Oso harrera ona izan du Cannesen, eta Demi Mooreren lana nabarmendu dute askok.

Aktore onenaren saria, azkenik, Jesse Plemons estatubatuarrarentzat izan da, Kind of Kindness (Yorgos Lanthimos) filmarengatik. Istorio independente honekin, zuzendari greziarra bere unibertso bihurri eta lotsagabera itzuli da.

George Lucasek Cannesko Ohorezko Urrezko Palma jaso du bere lagun Coppolaren eskutik

Gainera, George Lucas zinemagileak Cannesko Zinemaldiko Ohorezko Urrezko Palma jaso du Hollywoodeko beste legenda baten eskutik, Francis Ford Coppola lagunaren eskutik, hain zuzen ere.

Star Wars filmaren sortzaileak 80 urte ditu, eta txalo zaparrada luze batekin hartu dute Lumiere Antzoki Handian, John Williamsek Luke Skywalker eta enparauen abenturetarako sortutako soinu-banda ikonikoa txalo hotsen azpian utzita.

Txalo horiei eskuarekin agur eginez eta hatz lodia altxatuz erantzun die Lucasek.

George Lucas y Francis Ford Coppola. Foto: EFE

George Lucas eta Francis Ford Coppola. Argazkia: EFE