Zinema
Ekainaren 15era arte
Izibene Oñederra eta Isabel Herguera Annecyko zinema jaialdian lehiatuko dira
N. V. | EITB Media
Animaziozko zinemaren jaialdian, Oñederrak film laburren atalean hartu du parte, "Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)" lanarekin, eta Herguerak Contrechamp sailean "El sueño de la sultana" pelikularekin.
-
'Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)' Izibene Oñederraren filma, film laburren atalean lehian
Izibene Oñederra eta Isabel Herguera euskal zinemagileak Annecyko zinema jaialdiko palmaresean agertzeko borrokan izango dira Frantzia ekialdeko hirian joan den igandean hasi zen eta ekainaren 15ean bukatuko den topaldian.
Oñederra film laburren atalean lehiatuko da Etorriko da (eta zure begian izango ditu) Kimuak katalogorako ere berriki hautatu duten lanarekin.
Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) filmean, zuzendari azkoitiarrak egungo gizartearen beldurrak marrazten ditu. Ingurumen krisia dela-eta kolapsoan dagoen komunitate txikiko biztanleria ahal bezala moldatzen da bizitza berrira. Pribilegiatuak carpe diem pentsakizunari lotuta, bizirauteari eutsi nahian besteak. Zer da etorriko dena? Besterik ezean, zerbaitek salbatuko gaitu?
Herguera, bestalde, Contrechamp film luzeen atalean lehiatuko da, proposamen original eta independenteenak saritzen dituenean.
Zinemaldiaren azken edizioan estreinatu zuten pelikula. Bengalan 1905ean idatzi zuten zientzia fikziozko kontakizun labur batean oinarrituta dago, eta Inesek Indian Ladyland emakumeen lur utopikoa aurkitzeko egin zuen bidea du kontagai.
Annecyko jaialdia 1960an sortu zuten, Frantziako Alpeen oinetan, aintzira baten ertzean, dagoen hiri honetan, eta 2023an Linda veut du poulet filmari eman zioten bertan film luze onenaren Cristal saria, eta Robot dreams Pablo Berger bilbotarraren pelikulari Contrechamp Sari Nagusia.