Itxi

telebista

Gaur

Olaizola II-I. Zabala / Irujo-Zabaleta, ETB-1en eta eitb.com-en

A.A.

EITB

ETBK Sat-ek aizkolarien Eusko Label sariko finala eskainiko du baita ere zuzenean.

0:10
Promo Pilota Aimar Olaizola

Bilbotik egingo du gaur pilota emankizuna ETB-1ek, 17:00etatik aurrera. Idoate-Pascual / Jaunarena-Apraiz neurketak zabalduko du jaialdia eta partida nagusian, txapelketakoan, Olaizola II-I. Zabala eta Irujo-Zabaleta izango dira nor baino nor gehiago. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia arituko dira esatari lanetan.

Horrez gain, saskibaloia eta txirrindularitza eskainiko ditu ETB-1ek: eguerdiko 12etan, Bartzelona-Caja Laboral partida, Asier Arangurenen eta Josean Aldalurren kontakizunarekin; 14:30ean Roma Maxima lasterketa, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren eskutik.

Hiru emanaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira eitb.com-en.

Futbol jardunaldiaren errepasoa 'Gol Festa' saioan egingo dute Mikel Olazabalek eta ETBko kirol kazetariek 19:30etik aurrera. 22:50ean itzuliko dira, Realak Betisen aurka jokatuko duen neurketaren berri emateko.

Urrezko Aizkolarien finala ETBKn, zuzenean

Aizkolarien Eusko Label Sariko finala zuzenean izango da ikusgai 12:00etatik aurrera ETBKn. Koldo Aldalur eta Joxe Etxebeste izango dira berriemaile Azpeitiko Izarraitz pilotalekutik. Urrezko Mailan, Joseba Otaegi eta Unai Otaño egungo txapeldunek, Floren Nazabal eta Jose Angel Zubiaga izango dituzte aurrez aurre. Nazabalek banakako txapela eskuratu zuen iaz eta Zubiagak bigarren mailako binakakoa. Zilarrezko Mailan, Daniel eta Iker Vicente aita-semeek, Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares III izango dituzte aurrez aurre.

Azkenik, 15:20ean Ampo Ordizia-Bizkaia Gernika errugbi partida emango da. Errege Kopako finalerdi honen kontakizuna Jon Ander Gorospek eta Iñaki Laskurainek egingo dute eta eitb.com-en ere jarraitu ahal izango da.