telebista
BILBAO
ETBk 'Bilbao denboraren mugan' berezia estreinatuko du
M.A.
EITB
Felix Linaresen eskutik, Bizkaiko hiriburuan zehar ibilbide ikusgarria proposatzen du saioak


Euskal Telebistak 'Bilbao denboraren mugan' berezia estreinatuko du. Ohi ez bezalako gainbegirada zirraragarri honek, hiri sortu zenetik gaur egunera arteko bidaia egingo du denboran zehar. Felix Linares aurkezleak gidatuko du ikus-entzulea ibilbide harrigarri eta interesgarri honetan. ETB-1n igandean izango da ikusgai 23:15eak aldera; eta ETB-2n berriz, astelehenean emitituko da, 22:30etik aurrera.
Bilbo hiribilduaren hazkunde eta garapenaren kronikak, lehenbiziko kokagunetik hasi eta gaur egunera heldu arteko kontakizuna egingo du. Bitxikeria ugari eta hain ezagunak ez diren gertakizun historikoak aurkeztuko ditu narrazioak. Hiriaren bizi luzean oinarrizkoak eta oso garrantzitsuak izan diren alor guztiak jorratuko dituzte, tartean historia, arkitektura, ekonomia edo eta artea.
ETBko kamerek Punta Galean hasiko dute ibilbidea; ondoren, errekan gora 16 kilometro egingo dituzte, barne aldera, haranaren azken muturrera iritsi arte, bertan kokatzen baita Bilbo. Malmasin muinoa, Begoña, Atxuri auzoa, Zazpi Kaleak, Artxanda mendia, edota Pagasarri gaina bidaia honetan bisitatuko dituzten lekuetako batzuk dira.
Gaina ezin ahaztu Bilbo hiribildu aberats eta oparoa bilakatu zuten beste hainbat kokaleku ere, tartean, burdingintzarako lekuak eta meatzeak, eta ontziolak eta ontzi-konpainiak.
Halaber, Bilboren muga historikoak esploratzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, Bizkaiko Jauna zen Haroko On Diego Lopezek zehaztutako mugarriak bisitatuz. Garai batean, Bilboko alkateak, urtero urtero, hiriaren ertzak ikuskatzeko betebeharra zuen. Horretarako zedarriz-zedarri ibilbidea egiten zuen zaldiz. ETBko kamerek bide berdina egingo dute beste behin.
'Bilbao denboraren mugan' berezia bereizmen handiko formatuan grabatu da. Estilo zainduaz eta ikusgarriaz, Cineflex aireko irudiak, eta Steadycam eta Car Kameraz grabatutako irudiak uztartzen ditu. Gainera, garai bateko argazki zaharrak ere erabiliko dituzte, gaur eguneko paisaiarekin alderatuz inguruak jasan dituen aldaketa bortitzak erakusteko. Bukatzeko, grafismo bereziak eta mapek istoriak eta anekdotak argitzen lagunduko dute.