telebista
15. atalaren aurrerapena
Gorputzak muturreraino, 'El Conquis'eko une garrantzitsuan
Gaur immunitate jokoaren baldintza gogorrak ikusi ahal izango ditugu lehendabizi saioan. Ondoren, 'El Conquis 10' debatean, Amaia, azken kanporatua, izango dute gonbidatu.
-
Sandra, medikuarekin
'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko abentura aurrera doan heinean, Patagoniak ondorioak utziko ditu lehiakideengan, gaur, 22:00etatik aurrera, ETB2n ikusi ahal izango dugunez.
Patagoniako ur hotzek eta indar eskasiak agerian utziko dute lehiakideen egoera, eta ahulenen eta indartsuenen arteko aldea inoiz baino nabariagoa izango da. Antuanek eta Sandrak hurrengo kapituluetako jokoetan arazoak izateko aukera asko dituztenez, programako antolatzaileek ez dute gehiago arriskatu nahi. Hori dela eta, medikuak erabakiko du Sandrak hurrengo immunitate jokoan parte hartuko duen. Zortzi gradutik beherako urei aurre egiteko moduan izan ezean, lehiaketako biktima berria izan liteke getxotarra.
12 metroko altueratik Grande ibaira salto egin beharko dute inmunitate joko berrian. Igerian ibilbide gogorra egin ondoren, ikurrina jarrita dagoen tokiraino sare batetik igo beharko dute. Joko harrigarri hau irabazten duenak immunitatea lortuko du abenturan giltzarri den unean, eta galtzaileak dueluari aurre egin beharko dio.
Nesken eta mutilen arteko beste eztabaida bat ikusiko dugu nominazioak egiten ari direnean. Aukerak gero eta mugatuagoak dira, eta baliteke orain arte ukiezinak zirenen zoria aldatzea.
Debatea
Larunbateko atalaren ostean, Patxi Alonsok aurkezten duen 'El Conquis 10' debatea ikusi ahal izango da. Amaia, lehiaketako azken kanporatua, izango da gonbidatu nagusia. Rebekarekin eta Sandrarekin izan dituen ika-mikak dira Amaiaren parte-hartzearen ezaugarri nagusi. Kanporatua izan ondoren, besteak beste, Txispy eta Txurru izango ditu zain debatean. Azken horiek taldekide izan zituen, eta kapitainei koipea ematea leporatu zioten biek Amaiari. Larunbatean ikusiko dugu aurrez aurre zer duten esateko.
Horiekin batera, Gotzon Mantuliz, Argi Gastaka, Isabel Sola, Manu Maritxalar eta David Seco izango dira debatean.
Asteburu honetan, bada, 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren emanaldi bikoitzaz gozatzeko aukera izango dugu. Larunbatean, immunitate joko gogorra ikusiko dugu, eta, igandean, berriz, nominazioak eta duelua.