telebista
22:15ean
ETB2k 'Basque Country Vertical' estreinatuko du gaur gauean
A.H.
EITB
Eraikin, egitura eta lekurik berezienak eskalatuko ditu saioak, eta ostegunean, Gasteizko Santa Maria Katedrala, Deba Goeinako sekuoia erraldoia, eta Bilboko portuko garabirik altuena igoko dituzte.
ETB2k 'Basque Country Vertical' saioa estreinatuko du gaur gauean. Euskal Herriko eraikin, egitura eta lekurik berezienak ardatz dituen abentura berria da, orain arte erakutsi gabeko ikuspegitik egindakoa. Arantza Garces aurkezle eta eskalatzaileak saio bakoitzeko hiru erronka bertikalei aurre egingo die.
Gune eta eraikin berezienak eskalatu beharko ditu. Besteak beste, Zumaiako flysch-a, Nerbioiko ur jauzia Araba eta Burgoseko mugan, Arriarango urtegia Beasainen, Iruñeko Edificio Singular delakoa, Salburuako Dorre Gorria, Baionako katedrala, Bilboko BBVAko eraikina eta Pasaiko Platako itsasargia. Ostegun honetako erronkak, Gasteizeko Santa Maria katedraleko kanpandegia eskalatzea, Deba Goienako Monterrongo sekuoia erraldoia igotzea, eta Bilboko portuko garabirik handienetik behera rapelatzea.
Atal bakoitzean hiru erronka bertikal izango dituzte. Oso erronka diferenteak izango dira, zailtasun eta ikusgarritasuna kontutan hartuz. Bestalde, leku bakoitzeko eta inguru bakoitzeko adituek lekuaren ezaugarriak azalduko dituzte. Beti ere, orain arte erakutsi ez den ikuspegia emanez.
Gaurko saioa
Osteguneko 'Basque Country Vertical' saioak hiru erronka zailei aurre egin beharko die. Hasteko, Gasteiz hiriko punturik altuenera igoko dira: Santa Maria Katedraleko kanpandegira. Oso bide luze, estu eta arriskutsua egin beharko du Arantza Garcesek dorrea igotzeko.
Eguneko bigarren erronkak zailtasun handia izango du lan-taldearentzat. Bilboko portuko garabirik altu eta pisutsuenetik behera rapelatu beharko du Arantzak. 50 metrok banatuko dute garabiaren punturik altuena eta behean itxaroten egongo den itsasontzia. Haizeak eta esku eta oinentzako euskarririk ez izateak asko zailduko du erronka.
Amaitzeko, Deba Goienako Monterrongo sekuoia erraldoia igoko dute, eta horretarako oso teknika arriskutsuaz baliatuko dira: tiragoma erraldoi bat erabiliko dute lurretik 15 metrora dauden zuhaitzaren lehenengo adarretara heltzeko.
Lan-taldea
'BCV' ikusmenezko abentura da. Euskal Herritik barrena garamatza lekurik harrigarrienak erakutsiz, orain arte erabili ez den ikuspegitik. Emozio eta zirrara eragiten duen saioak irudi eta pasaia harrigarriak uztartu ditu. Gure eraikinen bertikaltasuna da saioko lan-talde adituaren jomuga eta obsesioa, eta atal bakoitzean programaturik ez dauden erronka eta desafioei aurre egin beharko diete.
Arantza Garces Lan Bertikalen Nazioarteko Eskolaren zuzendaria da. 'BCV'en begi bilakatuko da, goietan ibiliko da, eta abenturaren beste protagonista izango du zaintzaile: octocopter-a.
Daniel Ojanguren munduko piloturik onenetakoak gidatutako dronea da octocopter-a. Ojanguren Espaniako txapeldun izan da hiru aldiz eta munduko rankingean 15 onenen artean dago.
Erronka bertikal hauei aurre egiteko Asaken enpresa dugu. Lan bertikaletako seguritate profesionalik onenak bildu ditu enpresa honek.
Filmazioa, zuzendaritza eta errealizazioa Einarte eta Filmak ekoiztetxeen ardura izan da. Fermin Ayo eta Aitor Gisasola dira zuzendariak, eta esparru honetan esperientzia zabala dute biek.
Ez ezazu galdu 'Basque Country Vertical', gaur gauean, 22:15ean, ETB2n.