Itxi

telebista

ETB1en eta ETB2n

Carlos Tobalina pisu-jaurtitzailea, 'BAT to Rio' saioan

EITB

Nazioartean lortu dituen emaitzarik onenak azken bi urteotakoak dira: 2014an bederatzigarrena izan zen Europako Txapelketan, eta aurten brontzezko domina lortu du Portugaleko Europako Kopan.

ETBk Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan nahiz Paralinpikoetan parte hartu nahian dabiltzan euskal kirolarien prestaketaren berri emateko emititzen duen 'BAT to Rio' saioaren laugarren emanaldian Carlos Tobalina pisu-jaurtitzailea izango du protagonista. Saioa (ETB2n, 14:45ean; eta ETB1en, 21:00etan emitituko da) Rio 2016an lehiatzeko prest dauden euskal kirolariei bekak ematen dizkien BASQUE TEAM erakundearen eta euskal telebista publikoarekin arteko lankidetzaren emaitza da.

Durangon jaio baina duela lau urtez geroztik Leonen bizi den kirolaria da Carlos Tobalina eta Estatuan dauden pisu-jaurtitzailerik onenetakoa bilakatu da, nahiz eta duela bost urte kirol-jarduna behin-betiko baztertzeko zorian egon zen. 'BAT to Rio' saioaren erreportajeko protagonistak kamera aurrean aitortu duenez, "2010ean, atletismoa uzteko erabakia hartua nuela lehiatu nintzen Malagan kokatutako Espainiako Txapelketan, baina hirugarren amaitu eta lorpen horrek halakoxe inflexio-puntu bat markatu zuen". Familiaren sostenguaz, goi-mailako kirolaren alde egitea erabaki zuen, eta asmo horri jarraiki, gaur egun entrenatzaile duen Carlos Burónengana jo zuen, Leongo hiriburuko Errendimendu Handiko Zentroan prestatzen diharduen jaurtitzaile-taldean onar zezan. Hara iritsi zenean, 17 metroko marka zeukan; gaur, 20 metrotik gorakoa.

Telebista-saioak Carlos Tobalinak Leonen daraman ohiko bizimodua erakutsiko du, nola moldatu zen hiri hartara, nolako harremanak dituen entrenatzaileekin eta gainerako kirolariekin, eta, batez ere, nolako gogo bizia duen Olinpiar Jokoetan parte hartzeko. Horretarako, martxoan, gutxieneko marka (20,50m) lortu behar du estalitako pistako Munduko Txapelketan; horixe da epe laburrean duen helburu nagusia. Saioan, lesioen une latzak ere izan ditu hizpide, "mapatik desagertu eta bakar-bakarrik zauden une gogor horiek", baina balantzea egiterakoan, ondorioa ezin argiagoa da: "Pozik nago egiten dudanaz, eta bere horretan irautea nahi nuke".

Carlos Tobalina (Castro Urdiales, 1995/02/08) 13 urte zituela hasi zen atletismo munduan, futbola utzi eta gero. Atletismoko zenbait modalitatetan jardun zuen, baina apurka-apurka, bere gorpuzkerak jaurtiketako espezialitateetara bultzatu zuen. Lehendabizi, mailu-jaurtiketari ekin zion, baina azkenean pisu-jaurtiketa aukeratu eta diziplina honetan lortu ditu harez geroko emaitzarik onenak. Nazioartean izandako emaitzarik onenak azken bi urteotakoak dira: 2014an, bederatzigarrena izan zen Europako Txapelketan, eta aurten, brontzezko domina lortu du Portugalgo Leira herrian jokatutako Europako Jaurtiketa Kopan. Denboraldi honetan, halaber, Euskadiko Aire Libreko nahiz Estalitako Pistako txapelduna izan da, Federazio Autonomikoen Estatuko txapelketa irabazi du eta hirugarren postua lortu du Espainiako Aire Libreko txapelketan. Orain arteko markarik onena, Federazio Autonomikoen Aire Libreko txapelketan egin zuen, 20,13 metro.

Euskal kirolari olinpikoak ezagutzeko saioa

Saioa astero-astero emititzen da, larunbatetan, 14:45ean ETB2an, asteburuko 'Teleberri' albistegia hasi baino lehen; eta 21:00etan, ETB1ean, 'Gaur Egun' albistegia amaitutakoan. Emanaldi bakoitzean, 12 minutu inguruko erreportaje bat eskaintzen da. Beraz, Olinpiar Jokoak hasteko geratzen diren bederatzi hilabete hauetan, ikusleek Brasilgo hirian lehiatuko diren taldekako nahiz banakako diziplinetako euskal kirolari guztiak ezagutzeko aukera izango dute.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista