telebista
15:00ean
Eduardo Apodakaren 'Identitatea eta anomalia' liburua, 'Sautrela'n
A.H. | EITB
Horrez gain, feminismoaren ikuspegitik mugarri diren euskal lanak aztertuko dituzte erreportajean.
Aste honetako 'Sautrela' saioari saiakera batek jarriko dio hezurdura, Eduardo Apodakaren Identitatea eta anomalia liburuak, hain zuzen ere. Gizarte hipermodernoaren barruan euskal identitateak duen bideragarritasuna arakatzen du Apodakak, horretarako, oinarri gisa edozein identitate eraikitzen duten kode, sentipen eta zentzu komunak baliatuta. Hitz laburrez, honakoa da Apodakak egiten duen irakurketa: euskal identitatea deritzon hori ez da identitate oso bat izatera iristen. Nolabait, gure errealitate soziologikoan ez dugu erabateko euskal identitaterik eta hortxe sortzen da anomalia.
Erreportajeak ikuspegi feminista batetik aztertuko du euskal literatura. Sareinak taldeak 9 urte bete ditu euskal letrak betaurreko moreekin irakurri eta hedatzen. Urtemugaren ospakizuna Gernikako Astran egin zuten, Irati Jimenez eta Eider Bilbao idazleekin mahai-inguru bat osatuta. 'Sautrela'k ez zuen topaketa hura galdu. Feminismoaren ikuspegitik mugarri diren euskal lanak, azken urteotan izandako bilakaera eta hemendik aurrerako erronkak izango ditu hizpide erreportajeak.
Juan Luis Zabalak 80ko hamarkadako liburu bat ekarriko du: Mikel Hernandezen Panpinen erreinua. Bost ipuin mardul dira, eta argitaratu zenetik hamarkadak igaro arren, gaurkotasunik ez du galdu liburuak.
'Sautrela' gaur eskainiko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.
rong>en.