Itxi

telebista

'El Conquis'en 9. atala

Cesar urakan karibetarrak Txarly eraman du aurretik

Cesar erraz gailendu zitzaion Txarlyri, eta, hori dela eta, Patxik izendatu egin zuen. Dueluan, berdinketa lortu zuen Mariarekin, eta berdeek Txarly kanporatu zuten.

Juanmaren zalantzak edo, agian, haren maltzurkeriak (baliteke indartsu bat gainetik kendu nahi izatea) eraman du Txarly etxera bueltan "El Conquistador del Amazonas" saioaren 9. atalean. Kanporatua nor zen erabakitzeko ordua iritsi zenean, neskek berehala erabaki zuten Maria salbatu nahi zutela. Hitz egiterakoan doinu mexikar nekagarria duen lehiakide kantabriarra salbatu zuen Artzaik ere. Badirudi Villabonakoak Mariari zerbait zor ziola, aurreko bilera batean izendatu ostean. Gainerako mutilek, kapitainak barne, Txarly babestu zuten. Juanma baino ez zen falta bere erabakia emateko. Txarly salbatzea erabaki izan balu, berdinketa egongo zatekeen, baina Juanmak erantzukizuna saihestu zuen eta gehiengoaren aldeko apustua egin zuen. Txarlyk bozketa galdu zuen, eta dotoretasunez egin zuen alde Amazonasetik. Kiroltasunez jokatu du abentura hasi zenetik, eta ez du joko garbia inoiz baztertu.

Nahaspila sortu zen dueluan, Maria eta Txarly ez baitziren gai izan pirañarik arrantzatzeko. Laguntzaileek ere ez zuten lortu arrainik harrapatzerik pirañaz betetako urmaelean. Hiru ordu luzeko dueluan ez zuten salbatzerik lortu. Baliteke biek ala biek merezi izatea lehiaketatik kanpo gelditzea, baina saioko arduradunek salbatzeko aukera eman zion bietako bati.

Txarly galtzea ezbeharrez beteriko saioaren amaiera izan zen anakondentzat. Lehen ezustekoa Cesar aurkarien taldean aurkitzea izan zen. Patxik eta haren taldekideek astakeriak esan zizkioten venezuelarrari. Kapitaina bere onetik atera zen, eta itxura kaxkarra eman zuen ikusleen aurrean. Cesarrek ongi eutsi zion birao zaparradari, eta bere taldekide ohien kiroltasunik ezaz hitz egin zuen. Anakonden eta pirañen arteko gerra abian zen. Patxiri ez zitzaion Peioren jarrera gustatu. Ea egoera lasaitzen den, guztien onerako.

Immunitate jokoan, Cesar bikain aritu zen, eta Txarlyk bere buruari kalte egin zion. Nahita eskaini zuen bere burua jokoan parte hartzeko, eta galdu egin zuen. Ondorioz, izendapenetan anakondek bazuten arrazoi bat Txarly arriskuan jartzeko. Kanpamentu oso txiroan euria egin zuen, eta, horrekin, lehiakideen protestak azaldu ziren. Leku eta Erku izan ziren marmartienak. Faboritoen taldean daude, baina, oraingoz, ezer gutxi erakutsi dute Amazonasen.

Pirañak garaipenaz gozatzen ari dira, eta Cesar beste lehiakide bat bezala hartu dute. Erabaki txarra izango litzateke anakonden taldeko iheslariaz gehiegi fidatuko balira. Izan ere, duela gutxi Cesar berdeen taldeko beligeranteena zen Igorrekin eta haren taldekideekin.

taldekideekin.