Itxi

telebista

Gaur

'Pierra Lhande' pastorala eskainiko du ETB1ek Aste Santuan

A.A.|EiTB

Zuberotar jatorriko jesuita eta idazlearen bizitza antzeztuko dute Zalgize-Iruriko herritarrek.

Pierra Lhande pastorala eskainiko du ETB1ek Ostegun Santu egunez. 2015eko uztailaren 26an eta abuztuaren 2an antzeztu zuten Zalgize-Iruriko herritarrek, eta urtero legez Euskal Telebistak zuzenean grabatu zuen. Zuberotar jatorriko jesuita eta idazlearen bizitza du oinarri.

Pierra Lhande pastoralaren emankizunean euskara batuko azpidatziak eskainiko dira, eta testu osoa, zubererako eta batuko bertsioekin, EiTBren webgunean egongo da ikusgai, www.eitb.eus/eu/kultura helbidean.

1877an Baionan jaio eta 1957an Atarratzen hil zen Pierra Lhande. Idazle eta hizkuntzalari ez ezik, irrati esatari lanak ere egin zituen. Halaber, Zuberoako lehen euskaltzaina izan zen. Bere bizitzako pasarterik esanguratsuenak antzeztuko dituzte zalgiztarrek eta iruritarrek bat eginda. Beñat Larrori gazteak egingo du Lhanderen papera eta Jean-Pierra Rekalt izango da errejenta.

Annick Renaud-Coulon da pastoral honen sortzailea. Aspaldi luzeko urteetan ez bezala, testua frantsesez sortu zen eta gerora itzuli da euskarara. Dantzak eta musikak hitzek bezainbesteko garrantzia izan ohi dute antzezpen hauetan. Zalgize eta Iruriko 200dik gora herritar arituko dira oholtza gainean, aktore, musika eta dantzari lanetan, 2001ean Etxahun Iruri pastoralean aritu ziren bezala.