telebista
'Conquis'en 14. atala
Sofik eta Txapelak saioa utzita, estrategia sendotu dute anakondek
Amore emanda saioa utzi du Sofiak, eta Txapela azkenera arte borrokatu da Ainara eta Igorren aurkako dueluan. Lehiakideak gogo handirik gabe lehiatu ziren jokuan, eta kanpamentuan kexu dira une oro.
Anakondak nahi dutena lortzen ari dira, pirañak binaka kanporatuta. Sofiak amore eman zuen kanpamentuan, eta 'El Conquistador del Amazonas' saioko abentura utzi egin zuen. Inork ez zuen hori espero, izan ere, denetik jasateko gai zela zirudien nafarrak, eta beti irribarre batekin ezpainetan. Sofiaren hitzetan, berak ez zuen saioa irabazteko aukerarik, eta hortaz, beste bi egun saioan jarraitzeak ez zion ezertarako balioko. Anakondak, beraz, pozez zoratzen daude; 'beste bat gutxiago', esan zuen Patxi Salinasek Sofik oihana uztean.
Txapela, lehiakide itzela
Txapelaren kasua, baina, beste kontu bat da. Portugaldarrak azkenera arte borrokatu zuen dueluan Ainara eta Igorren aurka. Lehiakide itzela izan da Txapela, eta ezbeharretan erakutsi duen jarrera eredugarria izan da. Elkarbizitzan burua galdu eta gehiegi hitz egin izan duenetan, atzera egin eta barkamena eskatzen jakin izan du. Jaguarren taldean une latzak igaro arren, ez zuen amore eman; ondoren, pirañen taldera iritsi zen, eta talde arrotza izanik ere, ondo moldatu zen. Taldeen bateratze garaian, antolaketa berria argien ikusi zuen lehiakidea izan zen, eta anakonden taldeko emakumeei begiak irekitzeko saiakerak ere egin ditu; haren ahaleginak, baina, hutsalak izan dira, eta Portugaleten dago jada.
Igor eta Ainara, jomugan
Igor eta Ainara kanpamentura bueltatu arren, jomugan dira oraindik. Berdeek pozez hartu dute arabarra, bibaka eta mosuka; baina, argi dago euren hurrengo biktima izaten jarraitzen duela. Igorren kasuan, aldiz, haren etsaiek badakite saiotik kanporatzea oso erraza izango dela; oraingoan, gainera, argi dute euretako bat haren aurka lehiatuko dela hurrengo dueluan.
Bien bitartean, kanpamentuan, anakondak kexu dira une oro. Lehiakideak gogo handirik gabe lehiatu ziren jokoan; gehienak lurrera bota zuten euren burua, indarrik ez galtzeko, eta Juanma eta Erku lehiatu ziren gogotsu jokoa irabazteko. Bada, Juanmak irabazi zuen eta Patxi gonbidatu zuen sariaz gozatzera. Baina bientzako jatekoak ere ez zuen gustora utzi Patxi Salinas. Anakonden kapitain ohia saminduta dago eta saioko erreportari baten aurka ere egin du. Ikusiko dugu nolako gertaerak datozen hurrengo asteotan 'El Conquistador del Amazonas' saioan.
aioan.