Itxi

telebista

22:15ean, ETB1en eta online

'Pintxo&Pote' gastronomia eta umore saio berria, gaur, ETB1en

A.E. | EiTB

Gastronomiaren aitzakian, herriak eta pertsonaiak hobeto ezagutzeko aukera emango du, Asier Hormazaren eta Andoni Agirregomezkortaren eskutik.

1:13

Gaur, 'Pintxo & Pote' abentura "gastro-alaia" jarriko da abian ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15ean. Asier Hormazaren eta Andoni Agirregomezkortaren eskutik, Euskal Herrian pintxo-potea gehien zabaldu duten herrietako batzuk ezagutuko ditugu. Herri horietako giroa eta herri bakoitzeko pertsonaiak hobeto ezagutzeko aukera emango du saio berriak.

Pintxo (Asier Hormaza) jan-edan zalea da, baina mokofina eta modernoa. Pote (Agirregomezkorta), berriz, tripa-zakuagoa eta baldarragoa, itxura batean. Bi lagunak Euskal Herriko pintxo-poterik esanguratsuenak eta horien inguruko istorioak arakatzera abiatuko dira. Oro har, herritarrekin jarriko dira harremanetan. Tabernari, pertsonaia xelebre, ekoizle eta famatuak elkarrizketatuko dituzte, pintxo-pote eta pintxoen tenpluak bisitatuz.

Hormazak eta Agirregomezkortak aholkulari garrantzitsua izango dute pintxorik onena dastatzeko egingo duten bidaia honetan: Josema Azpeitia sukaldaritza munduko kazetaria, ondojan.com aldizkariaren arduradun eta hainbat pintxo libururen egile ospetsu eta saritua. Berak azalduko dizkie jakin beharreko guztiak eta sukaldaritzaren inguruko argibideak emango dizkie euren txangoetarako.

Musikak ere izango du tartetxo bat saio guztietan, Giorgio Bassmattiren eskutik. Aurkezle bikotea kalean gora eta kalean behera dabilela, Giorgio Bassmatti ezusteko lekuetan aurkituko dute, bere kanta eskaintzeko eta pintxoari etenaldi freskoa emateko prest. Kau Kori Kura taldeak ere musika jarriko dio saioari.

Pintxo eta Pote elkarrekin iritsiko dira herrira, baina, ondoren, bakoitzak bere bidea hartuko du. Geroago, elkarrekin topo egingo dute, eta bidaia elkarrekin amaituko dute. Umorea eta kaleko giroa nagusi izango duen saioan, halaber, lauzpabost gutizia nola egin ikasteko aukera izango dugu.

Hondarribira bisita

Lehen saioan, Hondarribia bisitatuko dute Pintxok eta Potek. Ibilaldia hasi aurretik, Donostiako Amara auzoan dagoen Abadia tabernan, pintxo-potearen tenpluan, egingo dute hitzordua Josema Azpeitiarekin. Handik, Hondarribira abiatuko dira, eta bertan lagun askorekin egingo dute topo: Esteban Olaizola Gipuzkoako arrantzaleen kofradien konfederazioko zuzendari ohia, Ander eta Angela Vilariño eta Efren Vazquez gidariak, Jone Arozena moja, Yagoba Ayestaran irakaslea eta Judas Arrieta pintorea, besteak beste.

Datozen asteetan, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko pintxo-poteak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu 'Pintxo & Pote' saioan.