telebista
4. atala
Arantza eta Yong Li 'irakasleak', asteko erronkaren garaileak
eitb.eus
ERREDAKZIOA
Bi puntu eskuratzeko intentzioarekin abiatu dute proba denek: Namibiako 200 dolar erabilita, hirian bertan igaro behar zuten gaua, bikoteka. Diru gutxien xahutzen duenak irabaziko du asteko erronka.
-
Arantza eta Yong Li, garaile. (Argazkia: EiTB)
'Safari Wazungu' saioko esploratzaileak Himben lurraldera heldu dira, baina, parajez aldatu diren arren, euren arteko desakordioek ez dute etenik, eta ezohiko bilera antolatu dute, usteak partekatze aldera. Ramon Rotetak kexa ugari entzun ditu, sukaldaritzara eskaintzen dion denbora gehiegizkoa baita, esploratzaile batzuen iritziz. Ondorioz, kozinatzeari utzi dio, eta Coman izango da sukaldaria aurrerantzean.
Polemikari atseden eman diote lehiakideek kamioia Opuwora heldu denean; han egin dute asteko 'Wazungu erronka'. Bi puntu eskuratzeko intentzioarekin abiatu dute proba denek: Namibiako 200 dolar erabilita, hirian bertan igaro behar zuten gaua, bikoteka. Diru gutxien xahutzen zuenak irabaziko zuen asteko erronka. Zein bikote izan ote da?
Esploratzaileen patua oso desberdina izan da Opuwoko kaleetan: Rotetak eta Virginiak bete-betean asmatu dute, eta, gela erosoa lortzeaz gain, apaiz baten konpainian afaldu dute. Yong Li eta Arantza irakasle lanetan murgidu dira eskola batean, munduko hizkuntza desberdinak irakasteko, euskara ere bai. Hango irakasle batek etxera eraman ditu, gaua igaro zezaten. Iturraldek eta Yogurinhak arazoak eta tentsio-uneak izan dituzte aterpea lortu baino lehen, baina ondo baino hobeto hornitutako logela batean igaro dute gaua. Azkenik, Comanek eta Begoñak gorriak ikusi dituzte logela aurkitzeko, eta familia batek hormarik gabeko 'etxe' batean hartu ditu.
Dirua zenbatzeko orduan, Comanek eta Begoñak 191 dolar eman dituzte, afaria ordaintzeko 9 dolar erabili baitzituzten. Iturraldek eta Yogurinhak, eta Rotetak eta Virginiak 200 dolarrak itzuli dituzte, eta Arantza eta Yong Li Namibiako Konstituzioarekin eta 10 zentimorekin bueltatu dira zenbaketara; irakaslearen opariak, biak. Sari horiei esker irabazi dute asteko erronka.
Ondorioz, Arantza eta euskal txinatarra daude sailkapenaren lehen postuan, 4 punturekin, eta Iturralde eta Yogurinha atzetik dituzte, 2 punturekin. Puntu bakarra dute, oraingoz, Rotetak eta Virginiak, azken horrek lortu baitu beste lehiakideek emandako puntua. Coman eta Begoña daude tropelaren azken postuan, baina oraindik ez dute gora egiteko esperantzarik galdu, eta hurrengo erronkaren zain daude dagoeneko.