telebista
22:30ean
Musika talde batekin Landetan zehar bidaia 'A ver si no llueve' saioan
A.H. | EITB
Saioak, gainera, Eivissa, Zarautz, Oderitz (Larraun) eta Benidorm bisitatuko ditu.
'A ver si no llueve' saioak maleta hartu, eta Moonshine Wagon musika taldearekin batera Landetara abiatuko da gaur gauean. Gasteizko taldearen udako plana Europan zehar bidaiatzea da, eta kalean eta tabernetan eskainiko dituzten kontzertuekin egingo diete aurre bidaiaren gastuei. Abentura musikal honen lehenengo geltokiak Capbreton eta Hossegor izango dira.
Ondoren, 'A ver si no llueve' Eivissara itzuliko da, gastronomia ardatz izango duten oporrak igarotzera. Aingeru Etxebarria sukaldaria eta Leire kidea izango ditu anfitrioi, eta bertako tokirik onenak erakutsiko dizkigute. Taberna eta jatetxeak hondartzak baino gustukoago izango dituzte.
Bestalde, Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko konexio berezia dagoela erakutsiko dute Humbert eta Margot senar-emazteek. Urtero, euren karabana hartu, eta Zarauzko kanpinera joaten dira. Uda osoa igarotzen dute Gipuzkoako kostaldean, eta euskaldunak balira bezala mugitzen dira inguruetatik.
Miguel eta bere lagun valentziarrak euskaldunek udan egiten duten kontrako ibilbidea egitera ohitu dira. Uda heltzen denean, azkar bilatzen dute Euskal Herriko klima freskoa, eta Oderitzen (Larraun) ez dituzte Mediterraneoko hondartzak faltan botatzen. Benetako paella valentziarra egiten ikasiko du saioak beraiekin.
Aste honetako 'A ver si no llueve' saioa Benidormen amaituko da. Tania gazte donostiarrak Benidormen ditu aita eta ama oporretan, eta baldintza ezin hobeak ditu bertara joaten den bakoitzean: amak prestatutako janaria, Benidormeko eguzkia eta Alacanten duen lagun-taldea. Plan bikaina.
Amaitzeko, Vascos en la costa atalak, euskaldunek Euskal Herritik kanpo duten irudia aztertzen jarraituko du, eta udako pertsonaiarik dibertigarriena topatu nahian ibiliko da El salao del verano izeneko tartean.
'A ver si no llueve' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.