Itxi

telebista

Estreinaldia

'Auzolan' saio berria, 22:00etan, ETB1en

A.H. | EITB

Ibon Gaztañazpik gidatuta, Euskal Herriko toki ezberdinetan burutzen diren auzolanak gertutik ezagutuko ditu saioak.

1:41

'Auzolan' saio berria estreinatuko du ETB1ek gaur. Ibon Gaztañazpik Euskal Herriko herri eta auzoak bisitatuko ditu, auzolanak bizirik eta osasuntsu jarraitzen duela erakusteko. Auzolana euskaldunon aspaldiko usadioa da, eta azken urteotan galtzen joan bada ere, toki askotan bizirautea lortu du, beharragatik askotan, ohiturari eusteagatik beste batzuetan.

Euskal Herriko izkina desberdinetan egiten diren auzolanak erakustea eta balioan jartzea izango da saioaren helburua. Hori lortzeko ez dira lan horien lekuko izatera mugatuko. Herri edo auzo zehatz bakoitzean auzolanak duen funtzionamendua ezagutzeaz gain, atzean dagoen istorioa ezagutuko du saioak, lanaren garrantzia hobeto ulertzeko. 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan egiten den moduan, auzolanean parte hartuko duten herritarrak ezagutuko ditu Ibon Gaztañazpik, eta auzolagunekin batera arituko da lanean.

Gaurko honetako atalean...

Lehen atalean Goierriko Itsaso herrian arituko dira. Bertan Kizkitzako ermita dago, izen bereko muinoan. Urtero Kizkitzako eguna ospatzen dute itsasoarrek irailaren 8an, eta egun oso berezia izaten da eurentzat. Kizkitzako Ama Birjinari dioten fedeagatik batzuek, espazioari berari dioten maitasunagatik besteek, denek bat egiten dute Kizkitzako ermita eta bere ingurua zaintzeko. Hori dela eta, auzolan handia antolatuko dute itsasoarrek, eta Ibon ere horren parte izango da.

Auzolanean 35 lagun inguru arituko dira, eta besteak beste, honako lan hauek egingo dituzte: ermita margotu, inguruko belarra ebaki, komuneko teilatua konpondu, arotz eta igeltsero lanak egin, eta bertako itsasargiaren bonbila aldatu. Gezurra badirudi ere, Gipuzkoako barnealdeko txoko honetan itsasargi bat dago, eta itsasotik bere argia ikusten omen da. Kizkitzako Ama Birjinak eta Itsasoko herriak lotura handia izan dute beti itsasoarekin. Ama Birjina bera itsasontzi batean dago eta, diotenez, arraunak egiteko erabiltzen omen zen Kizkitza inguruko egurra.

Pilare Muxika izango da auzolanean arituko den herritarretako bat. Bera izango da Iboni ongi etorria emango diona, baina beste auzolagun batzuk ere elkarrizketatuko ditu oriotarrak: Maite eta Jone zeramikagileak, kanpotik etorritako Luis Mari, fede handia duen Genara, edota itsasargiaren bonbila aldatzeaz arduratzen den Gorka. Adin guztietako auzolagunak gerturatuko dira Kizkitzara, 15 urtetik 85 urtera bitartekoak.

Igandero auzolan batean murgilduko da Ibon Gaztañazpi, eta horien adibide dira Bergarako gaztetxearen txukunketa lanak edota Igantzi herrian sute handi bati aurre egiteko herritarrek antolatu dutena.

'Auzolan' igandero izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en.