telebista
Bertsolaritza
Jon Odriozolaren autoan, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan
A.E. | EiTB
Txirrindularitzaren sekretuak azalduko dizkigu oñatiarrak, eta baita bertsoarekin duen harremana ere.
Txirrindularitza askotan izan da bertsotarako gai, eta bi jarduerek badute antzekotasunik: estrategiaren baitan inprobisatzeko aukera, bakarkako eta taldeko ahaleginaren uztarketa... Aste honetako 'Hitzetik Hortzerak' ere bi diziplina hauek elkartuko ditu, Jon Odriozola txirrindulari ohia eta Euskadi Basque Country Murias taldeko zuzendaria izango baita gonbidatua. Txirrindularitzaren sekretuak azaltzeaz gain, bertsoarekin duen harremanaren berri ere emango digu oñatiarrak. Eta bertso bat kantatzera ere ausartuko da.
Gaurkotasunezko bertsoak
Aste honetako programan pisu berezia izango du gaurkotasunak: Alaia Martin entzungo dugu Kolonbiako bake prozesuari kantari; Imanol Urbieta omenduko du Maialen Lujanbiok; Siriako gerran mendebaldeak duen paperaz ariko dira Maialen Lujanbio bera eta Amets Arzallus; Durangoko eraso matxistari helduko diote Alaia Martinek, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak; Igor Elortza bera Pablo Berasaluzeren erretiroaz ariko da Sustrai Colinarekin...
Eta bertsoaldi bereziak ere izango dira igandean: arrain koloretsuen inguruan ariko dira Aitor Mendiluze eta Alaia Martin eta 'Txoria txori' kantua gaitzat hartuta ariko da Maialen Lujanbio. Aste honetan Oñati, Iurreta eta Aretxabaletako bertsoak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak.
Iurretan orain dela 25 urte
25 urte dira Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Jon Maia Iurretako jaialdian kantuan hasi zirenetik. Ordutik zenbat aldatu diren galdetu die Josu Goikoetxea gai-jartzaileak aurtengo jaialdian. Aste honetako 'Hitzetik Hortzera'k emango du erantzuna, orain dela 25 urteko Iurretako jaialdiko irudiak berreskuratuko baititugu igandean. Anjel Mari Peñagarikano, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jon Maia aritu ziren orduko hartan kantari eta, besteak beste, bertso-neurrian rapeatzera ausartu zen Jon Maia.
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai gaur ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta interneten ere aurkitu ahal izango duzue, EiTB Nahieran-en.
TB Nahieran-en.