telebista
Estreinaldia
'El Lector de Huesos' saio berria, igandetik aurrera ETB2n
A.A. | EiTB
K2000 ekoiztetxeak asmatutako formatua da. Bertan, Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azken urteetako krimen ezagunak ikertuko dituzte.
Datorren igandean, urriak 23, 'El Lector de Huesos' saio berria estreinatuko da ETB2n, 22:20ean. K2000 ekoiztetxeak asmatutako telebista formatua da, guztiz berritzailea. Bertan, Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azken urteetan gertatu diren krimen gogorrenak ikertuko dituzte. Bi protagonistek programaren nondik norakoak azaldu dituzte astelehen honetan Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan, Donostian, egin den aurkezpenean.
Ekitaldian egon dira baita ere saioaren bi zuzendariak, Igor Zabala eta Teresa Diaz de Basurto, baita Ainhoa Lodoso ETBko Programa Saileko arlo burua.
ETB2k igande gauero emango duen saioak, auzitegi zientzia oinarri hartuta, gizartean zirrara sortu duten hilketak aztertuko ditu. Paco Etxeberria irakasleak auzitegi teknika guztiak erakutsiko dizkio Dani Alvarezi, hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta.
Biktimen gorpuzkinak aurkitzen diren momentutik abiatuko dute ikerketa, hilketa gertatu den lekuaren azterketa zehatza eginez. Bigarren pausua izango da laborategian hezurren azterketa nola izan zen erakustea. Honi esker, denboran atzera egin ahal izango dugu eta delituaren kontakizuna alderantziz egin ahal izango dugu, hiltzaileak utzitako arrastoetatik abiatuta. Krimenaren puzzlea berregingo dute.
Heriotza natura ala bortitza izan al zen?, noiz gertatu zen?, zerk eragin zuen?, zein egoeratan?... Paco Etxeberriak eta Dani Alvarezek zenbait adituren laguntza izango dute galdera hauek guztiak erantzuteko eta erailketa bakoitzaren nondik norakoak ikertzeko.
Gertutasunez eta thriller itxura emanez egingo dute kontakizuna. Halaber, benetako gertakarien berregitea ahalik eta zehatzena izango da.
Paco Etxeberriak azken urteotan denon ahotan ibili diren hilketak ikertu ditu eta kasu askotan auzien gakoa topatu du. Bere lana erabakigarria izan da, adibidez, Breton auzian (euren aitak hil zituen Ruth eta Jose haurren kasua); baita gerra zibilaren garaiko zenbait hobitatik gorputzak ateratzeko prozesuetan, Otsaportillokoan eta Gaztelukoan, esaterako. GALen biktima izan ziren Lasa eta Zabalaren identifikazioan ere giltzarri izan zen.
'El Lector de Huesos' saioak zortzi atal izango ditu. Aurrez aipatutako kasuekin batera, honako hauek aztertuko dituzte: Asunta Basterraren kasua (gurasoek, Alfonso Basterrak eta Rosario Portok, hil zuten neskatila); David Villafañeren auzia (Marta Couceiro neskalaguna hiltzeagatik kartzelan dagoen arren, errugabea dela dioen gaztea); Amaia Azkueren kasua (Azpeitiko Ibai-Eder urtegian bortizki eraila agertu zen emakumea); Teodoro Bracerasen auzia (Mena bailaran Txetxu Ezquerra abokatua hil zuen ganaduzalea), eta Aintzane Garayren kasua (bikotekide ohiak bortxatu eta hil zuen gaztea).