Itxi

telebista

Kirolak zuzenean

Lau T'erdiko Bengoetxea VI-J. Retegi, gaur, EiTBn

A.A. | EiTB

Euskalgym 2016, EDP Bilbao Night Marathon eta Euskadiko Aizkolari Txapelketako finala ere eskainiko dira ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Bengoetxea

    Bengoetxea

Tolosako Beotibar pilotalekuko jaialdia eskainiko dute gaur ETB1ek eta eitb.eus-ek. Bertan, Lau T'erdiko Txapelketako final laurdenetako kanporaketa jokatuko dute Oinatz Bengoetxeak eta Julen Retegik. Partida nagusiaren aurretik eta ondoren promozioko final laurdenetako norgehiagoka bana jokatuko dira: Jaka-Peña eta Arteaga II-Ugalde. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia arduratuko dira kontakizunaz.

Goizean, 12:00etatik 14:00tara ikusgai den 'Oreka' saioaren barruan, bezperako bi kirol hitzorduri egingo diote tartea: lehendabizi, Gasteizen ospatutako Euskalgym 2016 jaialdiari; ondoren, EDP Bilbao Night Marathon probari. Gimnasia erritmiko jaialdiaren nondik norakoak Pedro Mari Goikoetxeak ekarriko dizkigu Espe Rodriguez aditua lagun duela. Bestalde, Bilboko atletismo proban gertatutakoaren berri Juanan Legorburuk emango du.

Munduko gimnasia erritmikorik onena, Euskalgym 2016 jaialdian

Euskalgym saioaren barruan, gimnasia arloko izarrik handienetako batzuk ikusi ahal izango ditugu. Esate baterako, Margarita Mamun errusiarra, aurten Rion egin diren Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu duen neska. Horrez gain, Melitina Staniouta, munduko sailkapenean zazpigarren tokian dagoen gimnasta; Alexandra Soldatova, sailkapeneko hirugarrena eta aurten hiru txapelketa irabazi dituen errusiarra; Katsiaryna Halkina, 2014an eta 2015ean taldekako Munduko Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen neska; Linoy Ashram, Israelgo izar berria; Alina Maksimenko eta abar. Gainera, Saioa Agirre eta Paula Gomez euskaldunek ere parte hartuko dute, eta gimnasia aerobikoan irabazi daiteken guztia irabazi duten Sara Moreno eta Vicente Lli ere arituko dira.

Euskadiko Aizkolari Txapelketa

16:00etako herri kirolen tartean, goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako Euskadiko Aizkolari Txapelketako finala eskainiko da. Sei aizkolari izango dira nor baino nor gehiago: Mikel Larrañaga, Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza gipuzkoarrak, Aitzol Atutxa bizkaitarra, eta Iker Vicente eta Juan Jose Lopez nafarrak. Ibon Gaztañazpi arduratuko da emankizunaz Joxe Etxebeste lagun duela.