telebista
Gaur, 22:15ean
Baserri eta Txankarra, XXI. mendeko bizitza modernorako trebatzen
A.E.|EiTB
Lekeitioko arrantzale jubilatuak egungo berrikuntza teknologikoak probatu eta erabiltzen saiatuko dira aste honetako saioan.
Manu Zatika 'Baserri' eta Dani Robles 'Txankarra' teknologia berriak erabiltzen gazteak bezain trebeak diren ala ez ikusiko dugu gaur gauean ikusgai izango den 'Baserri, Txankarra & Maitane' saioan. Maitane Segurolak hara eta hona eramango ditu bi arrantzaleak mende honetako aurrerakuntzekin treba daitezen. Hasteko, Donostiako Eureka Zientzia Museora joango dira. Bertan, segwayz ibiliko dira, eta han dituzten plasma bola, fakirraren ohea eta Tesla kaiola probatuko dituzte.
Saioaren atal honetan, gure bi jubilatuek elektronikaren azken aurrerakuntzak ere ezagutu ahal izango dituzte: smartphoneak, tabletak... Tresna horien aplikazioak lehen aldiz erabili, disfrutatu eta jasan egingo dituzte. Zer moduz moldatuko dira gaztetxoen artean modan jarri den Pokemon GO jokoarekin? Ezusteko bat baino gehiago izango dute bertan agertzen diren animaliatxoekin. Berdelak eta bokartak harrapatzen Pikachuak, Txarizardak eta horrelakoak harrapatzen baino askoz ere trebeagoak direla ikusiko dugu.
Virtualware errealitate birtualean espezialitatuta dagoen enpresak garatutako sistemak ezagutu eta probatuko dituzte: jolasteko aplikazioak, osasunarekin lotutakoak, enpresei zuzendutakoak... Hemen ere barre-algarak eragiteko moduko egoeretan ikusiko ditugu Baserri eta Txankarra. 3D inprimagailuak zertarako erabiltzen diren ezagutuko dute, eta drone bat pilotatzen saiatuko dira. Zenbat segundo iraungo du droneak airean lurra jo gabe?
Medikuntzak ziztu bizian egiten du aurrera, eta, zientzialari batzuek diotenez, laster izango dute gizonezkoek ere haurdun geratzeko aukera. Nola jasango dute Lekeitioko arrantzale jubilatu hauek erditze ikastaro bat? Eta uzkurduren mina? Uzkurduren mina sentiarazten duen tresna jarriko diegu. Eutsi egingo al diete oihuei?
Gaur izango da ikusgai Baserri eta Txankarra bizitza modernorako trebatzen atala, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.