telebista
Gaur
Koldo Izagirre, 'Uhartearen altxorra' eta 'Sans soleil', 'Sautrela'n
EiTB
Izagirreren Franco hil zuten egunak ipuina, Gotzon Barandiaran eta Eider Eibarren erakusketa eta Chris Markerren filma izango dira mintzagai.
'Sautrela' saioan, gaur, estreinakoz izango dute bere azkeneko liburuaz hizketan euskal literaturako idazle nabarmenetako bat: Koldo Izagirre. Aurreko urtearen amaieran Franco hil zuten egunak ipuin liburua argitaratu zuen, bere haurtzaroko Pasaiako paisaian lekututako azkeneko lana. Aurretik Non dago Basque Harbour, Sua nahi, Mr. Churcill? eta Egarri egunak portualdean zituen lerro berean, eta oraingoan 1975 inguruan kokatutako bederatzi ipuin bildu ditu, bakoitza bere taxuera eta idazkera ezberdinarekin. Izan ere, giro berberez bustitako kontakizunak izanagatik eta ipuinen artean aski lotura egin badaitezke ere, pieza bakoitzak bere izaera markatua dauka. Hari buruz, gatazkaz, memoriaz eta abarrez mintzatuko zaigu, bada, Izagirre.
Bestetik, erakusketa bat izango dute aste honetako erreportajearen oinarri. Uhartearen Altxorra erakusketa dago ikusgai Bilboko Alondegian, euskal haur eta gazte literaturari buruzkoa, eta handik abiatuta gure haur eta gazte literaturaz mintzatuko zaizkigu erakusketaren antolatzaile Gotzon Barandiaran eta Eider Eibar ilustratzailea. Zer eman ote du haur eta gazte literaturak 80etatik hona?
Gainera, aurten, hilean behin Lur Olaizola etorriko da zinema eta literaturaren arteko harremanaz hitz egitera, saio bakoitzean film zehatz bat hizpide duela. Larunbat honetakoan Chris Markerren Sans soleil film mugarriaz ariko da. Saiakera-zinemaren aitzindaritzat jotzen da, eta beraz, literatura, filosofia eta pentsamenduarekin aski loturik dagoen filma da. Amaitzeko, liburu-denden aste honetako gomendioak eskainiko dituzte.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
ETB1en.