telebista
22:00etan
Aizarnazabal, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
A.E.|EiTB
Zuhaitz eta Pagadi 80. hamarkadako Mercedes dotore batean iritsiko dira.
Gipuzkoako Urola Kosta eskualdera joango dira gaur Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, zehazki Aizarnazabal herrira, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Iristeko, 80ko hamarkadako Mercedes dotore bat erabiliko dute.
Zuhaitzek Kontzeju etxean bizi diren Jose Mari eta Tomas anaiak ezagutuko ditu, eta euren etxearen izenari erreparatuta, aholkuak edo kontseiluak eskatuko dizkie. Zehatz auzoan bertako ermitaren zaintza duen Pedro ezagutuko du, eta baita bere txakurra ere: Bartolito, denetik jaten duen txakurra. Idi probetarako entrenatzen ikusiko ditu Abel eta Unai, eta eurekin kafetxo bat hartuko du... idi batek tiratutako aulki batean eserita. Herrira etorri berriak diren Carmen eta Josebarekin egingo du topo, tatuatzailea bata, tatuajezalea bestea. Eta, egoera aprobetxatuz, Gurrutxaga tatuaje bat egitera animatuko da. Zer aukeratuko du? Amaitzeko, Eustaki kiwi-ekoizlearekin solasaldi interesgarri bat izango du Zuhaitzek.
Pagadik misterio bat aurkituko du topo herrira iritsi bezain laster: Aizarnazabalgo armarria desberdina da tokiaren arabera; bertsio ugari ditu. Zergatia ulertzeko Esther eta Mari Joseren laguntza izango du. Siete taberna zenaren ateak irekiko dizkiote Mikeli. Bertan, Arkaitzek, Jose Martinek eta Jesusek Aizarnazabalgo harri gaiztoaren berri emango diote. Tabernan gordetzen duten harri bat da, harrijasotzaile gutxik altxatzea lortu duten harria. Horien artean, Urtain boxeolari famatuak, Jose Martinen anaia zenak. Menditxiki auzoan sagardo kupela bat topatuko du, mundu guztiarentzat irekia dagoena. Horren eta beste gauza askoren berri emango diote Luis eta Xarpa bizilagunek.
Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu gaur gauean, ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, 22:00etan hasita.