Itxi

telebista

Programazio berezia

Kontzertu Ekonomikoaz ariko dira EiTBko hedabideak gaur

A.E.|EiTB

Halaber, EiTB Focus inkestan Kontzertu Ekonomikoaz hiritarrek dakitena eta onespen maila neurtzeko egindako inkestaren emaitzak jakitera emango dira 14:00etatik aurrera.

Kontzertu Ekonomikoaz jardungo dira gaur EiTBko hedabideak hainbat saiotan. Gaiaren harira, EiTB Focusen egindako inkestaren emaitzak ere jakitera emango dira 14:00etatik aurrera.

EiTBko inkestaren atal honetan hiritarrek kontzertu ekonomikoaren inguruan dakitena eta onespena neurtu nahi izan da. ETBko albistegietako lehenengo edizioan, Radio Euskadin, Euskadi Irratian, Radio Vitorian eta eitb.eus-en argitaratuko dira emaitzak.

Halaber, goizetik hasita, Kontzertu Ekonomikoaz hainbat alderditatik eta ikuspegitatik ariko dira telebistan zein irratian. Eitb.eus-ek ere trataera berezia eskainiko dio gaiari.

Telebistan, 'Egun On Euskadi' albistegian, goizeko 09:00etan, Santiago Larrazabal Zuzenbidean doktorea hartuko dute elkarrizketaren tartean. Itun ekonomikora hurbilduko ditu ikus-entzuleak solasaldi horretan.

Pedro Luis Uriarte, 'En Jake'n

Berebat, Xabier Lapitzek gidatzen duen 'En Jake' saioan Pedro Luis Uriarte Kontzertuaren Komunitatea-Gurea Kontzertua plataformaren sustatzailea elkarrizketatuko dute. EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Ituna hobeto ezagutzeko konpromisoa sustatzea, norbanakoa zein kolektiboa, ezagutza horren difusioan eragitea, eta aktiboki beren defentsa eta aintzatespenaren aldeko mobilizazioa sustatzea da elkartearen helburua.

Horrez gain, Amaia Cayerok aurkezten duen 'Ahoz Aho' solasaldian, gaiaren inguruan aritzeko, Joseba Barandiaran, Susana Serrano eta Adrian Zelaia ekonomia adituek parte hartuko dute.

'El Programa de Klaudio' tartean, berriz, Juan Mari Ollora ekonomialari eta politikari jeltzaleari egingo diote elkarrizketa.

'Faktoria', 'Mezularia' eta 'Boulevard'en tarte bereziak

EiTBko irratiek ere tarte bereziak izango dituzte Itun Ekonomikoaren gaia aztertzeko. Euskadi Irratian, 'Mezularia' eta 'Faktoria' saioetan jorratuko dute gaia, eta gonbidatuak hauek izango dira: Joseba Agirreazkuenaga, Kontzertu Ekonomikoaren Dokumentazio Zentroko zuzendaria eta Santiago Larrazabal Zuzenbidean doktorea.

Radio Euskadin bi erreportaje egingo dituzte 'Boulevard' irratsaioan eta Jose Luis Larrea Jaurlaritzako Ekonomia Kontseilari ohiari elkarrizketa egingo diote.

Eduki bereziak eitb.eus-en

Kontzertu Ekonomikoaren inguruko programazioa eta EiTB Focusen emaitzak eitb.eus-eko hainbat orrialde berezitan izango dira eskuragai: batetik, web gune berezia egongo da eta bertan telebistan eta irratian izango diren saioak bildu eta Kontzertu Ekonomikoaren inguruko dokumentazio eta azalpenak ere argitaratuko dira; bestetik, bai aipatutako web gune horretan eta baita EiTB Focusen web gunean ere inkestaren emaitzak jasoko dira, EAEn egindako 1.200 elkarrizketen emaitzak, hain zuzen ere.