Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

Ordainpeko sexua gazteentzat jokoa ote den aztergai 'Equipo de Redacción'en

EITB

Erreportajeak Euskadiko prostituzio industriaren erradiografia egingo du, eta gero eta bezero gazteagoak dituela azalduko du.

Prostituzioaren bezeroak gero eta gazteagoak dira, ordainpeko sexua aisialdirako alternatiba bihurtu delako. Sexu edukiez inguratuta bizi gara eta teknologia berriek are gehiago hurbildu dizkigute eduki horiek. Pelikula, literatura eta mobilaren bitartez zabaldutako bideo sexualak eguneroko ogia bihurtu dira. Sexuaren industrian zer-nolako aldaketak gertatzen ari dira? Sexuaren hutsaltze prozesu baten aurrean ote gaude?

Gaur, 'Equipo de Redacción' saioak Euskadiko prostituzioaren erradiografia egingo du. Gaur egun, 2.000 emakume inguru ari dira Euskal Herriko klubetan, pisuetan edota kaleetan lanean, eta eurekin solas egingo dute, prostituzioaren munduan nola sartu diren jakiteko. Horrez gain, zerbitzu horiek kontratatzen dituzten gizonekin ere hitz egingo dute, eta horietako batek 20 urte zituenetik prostituzio zerbitzuak kontratatzen dituela azalduko du. Nola aldatu da bezeroaren profila? Hainbat testigantzaren arabera, bezeroak gero eta gazteagoak dira. Gainera, El Castillo klubean sartuko dira bertako eguneroko lana nolakoa den ezagutzera.

Dena den, prostituzioak beste aurpegi bat ere badu: delinkuentzia. Azken lau urteetan, Euskadin, 430 neska askatu dituzte emakumezkoen salerosketako sareetatik. Nola egiten dute lan mafia horiek? Nigeriatik datozen emakumeak buduaren bitartez menderatzen dituen sare baten funtzionamendua aztertuko du saioak, eta gure herrialdean neskak lortzeko erabiltzen duten Lover boy teknika azalduko dute.

Estatu mailako prostituzioaren industriak 4.000 milioi euro mugitzen ditu, eta hainbat ekintza daude industria horrekin lotuta. Gazteentzako lan irtenbide erakargarria bihurtu al da? Sexu akrobata batekin eta porno aktore batekin arituko dira horren inguruan osteguneko saioan.

Bestalde, euskaldunen sexualitatea aldatzen ari al da? Galderari erantzuteko, Cristianen eta Olgaren sexu bizitza ezagutuko dute galdeketa konparatibo baten bitartez. Sexologo batek sexuaren pertzepzioaren inguruko gakoak emango ditu eta teknologia berriek gizartearen "sexualizazioaren" prozesuan duten garrantzia azalduko du. Instagramen bideo pornoak aurkitzea ohikoa da, eta adingabeek, sarritan, eduki sexualak eskaintzen dituzte. Sexua joko bihurtu al da gazteenentzat?

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.