Itxi

telebista

Audientzia

Pilota, 'Oholtzan' eta 'Sanjuanak Eibarren' saioek audientzia datu bikainak

EITB

San Fermin torneoaren emanaldia bere ordu tartean audientzia buru izan zen, %19,4ko audientzia zatiarekin.

Asteburu honetan, ETB1ek eskainitako 'Sanjuanak Eibarren 2017' emanaldi bereziak, larunbat gaueko 'Oholtzan' saioak eta larunbat arratsaldean jokatutako San Fermin Torneoaren emanaldiak audientzia datu bikainak lortu zituzten.

Oinatz Bengoetxeak eta Aimar Olaizolak jokatutako 4 ½-ko San Fermin Torneoko final laurdenetako partida bere ordu tartean audientzia-buru izan zen. Zuzeneko emanaldiak %19,4ko audientzia zatia lortu zuen, euskaldunen artean %27,8ko. Gainera, 87.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Gauean, Konstituzio Plazaren 200. urtemuga ospatzeko Donostiako Udalak antolatu zuen Donostiako Orfeoiaren kontzertua zuzenean eskaini zuen 'Oholtzan' saioak. Emanaldiak audientziaren harrera oso ona izan zuen: %5,2ko audientzia zatia - euskaldunen artean, %8,3ko - lortu zuen eta 129.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Aipagarria da, gainera, ostiral gauean ETB1ek eskainitako 'Sanjuanak Eibarren 2017' emanaldiak lortutako datua: %4,3ko audientzia zatia – euskaldunen artean, %6,2koa – eta 102.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik zuzenean gidatu zuten emanaldia Eibartik eta gainera, konexioak egin zituzten Mundakarekin eta Tolosarekin, Nerea Alias eta Ibon Gaztañazpiren eskutik hurrenez hurren.