Itxi

telebista

22:30ean

'Las cloacas de Interior' dokumentala eskainiko du gaur gauean ETB2k

A.E. | EiTB

Barne Ministerioko azpijokoen inguruko ikerketa-lana da.

Gaur gauean, ETB2n, Las cloacas de Interior dokumentala izango da ikusgai. 80 minutuko lan honek Barne Ministerioan gertatutako legez kontrako ekintzak eta ustelkeriak argitara aterako ditu lehen aldiz.

Balio dokumental handia du lan honek, lehen aldiz kamera aurrean hitz egin duten lau polizien lekukoei esker: Marcelino Martin Blas, Poliziako Barne Gaietarako buru ohia; Jaime Barrado, Guardia Zibileko komisarioa; Jose Oreja, Guardia Zibileko sarjentua, eta izena eman nahi ez duen Barne Ministerioko goi funtzionario bat.

Las cloacas de Interior lanaren hari nagusia kasu berezien gainetik gailenduko da. Gerra zikinaren kontakizuna testuinguru historikoan kokatuko dute. Jaume Grauk egin du produkzio honen gidoia, eta Andrea Ferrando izan du errealizadorea eta Jaume Roures zuzendari. Dokumentalak balio handiko lekukoak bildu ditu legez kontrako sareak zuen hedapena ulertzeko.

2016. urtean Público egunkariak ezagutzera eman zituen grabazioekin hasiko da. Patricia Lopez eta Carlos Enrique Bayoren ikerketei esker, egunkariak Polizian zeuden hainbat trama argituko ditu. Trias auzia hartuko du dokumentalak abiapuntu, Jorge Fernandez ministro ohiaren eta Daniel de Alfonsoren arteko elkarrizketa atzetik entzuten dela. Baltasar Garzon epaile ohiaren arabera, elkarrizketa ofizial gisa hartu behar dira solasaldi horiek. "Nire ustez, delituzkoak dira", esan du. Hari horretatik tira eginda, dokumentalak hainbat kasu eta auzitan ekiteko modua azaltzen du: Interligare, Elisa Pinto, Veritas txostena, Madrilgo PP barruko espioitza sarea, Katalunia operazioa, eta Podemosen finantziazioari buruzko Pisa Txostena, esate baterako.

Las cloacas de Interior dokumentalak hiru oineko egitura irudikatzen du, izena ematera ausartzen ez den Barne Ministerioko funtzionario baten arabera: Bulego Siniestroa (komunikabideen eskutan jartzen diren politikari eta polizi aurkarien txostenak lantzeaz arduratzen den bulegoa), Villarejo komisarioa eta Brigada Politikoa ("ministroaren konfiantzazkoak diren polizia agintariek osatzen dute, eta ez legekotzat hartu daitezkeen hainbat ekimen egin dituzte").

Horrez gain, Jaime Barrado Espainian kondekorazio gehien jaso dituen poliziak azken urteetan ikusitakoak eragin dion higuinak bultzatuta hitz egin du. "Gaiztoak babesten dituzten polizia taldea ikusi dut delituen biktimen kontra", esan du, eta oso argi dauka sare horren atzean nor dagoen: "Villarejoren izena jartzen diot atzean dagoenari".

'Polizia mafia' hori osatzen duten kideen jatorria, Villarejorena bezala, Francoren garaiko Brigada Politiko Sozial zaharrean dago. Besteak beste, GAL taldea ikertzen ari zenean Garzonen izena zikintzen saiatu zen Veritas txostenaz arduratu zen. Garzonen esanetan, "Veritas txostena polizia barruko har mingarriaren sintoma zen, informazio zerbitzuen praktika irregularrak; kontrainteligentzia; Estatuko aparatuetatik egin eta jokatzeko jardun ustela, oinarri-oinarritik".

Politikari eta polizia sare honen jarduna ez da Espainiako Estatura mugatzen. Cierco anaiek (Andorrako Banku Pribatuaren jabeek) eta Martin Blasen lekukotzak Pujol familiaren kontu ilunak eskuratzeko legez kontra erabilitako azpijokoak azaleratu dituzte. Jaume Bartumeu Andorrako gobernuburu ohi eta Cierco anaien abokatu ohiak Espainiako Poliziaren bortxazko jardunak eta ekimen bidegabeak xehatu ditu: "Informatikako artxiboak hustuz, Andorrako Banku Pribatuko bezero guztien kontuetako artxiboak eramaten dituzte".

Las cloacas de Interior 22:30ean izango da ikusgai, gaur gauean, ETB2n.