telebista
Estreinaldia
'Como Pez en el Agua' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n
EITB
Gorka Aginagaldek, Maribel Salasek eta Anjel Alkainek beren aktore lana alde batera utzi, eta udako beste ofizio eta lan batzuk ikasiko dituzte.
Gorka Aginagalde, Maribel Salas eta Anjel Alkain 'Como Pez en el Agua' Euskal Telebistako umore saio berriaren protagonistak izango dira. Gaur gauean estreinatuko du saioa ETB2k, ordutegi nagusian, eta eitb.eus-en ere ikusi ahal izango da.
Gure hiru lagunek aktore lana alde batera utziko dute, lehen aldiz, udako ofizio ezberdinak ikasteko. Erronka handia izango da, lan berri horietan ondo aritu beharko direlako; izan ere, ikuskatzaile eta nagusiak adi egongo dira horien eginbeharra gainbegiratzen. Halere, jasoko dituzten kritikarik gogor eta dibertigarrienak euren lagun aktoreen aldetik etorriko zaizkie. Astero, sofa batean bilduko dira hiru protagonistak, eta bakoitzak izan duen esperientzia aztertuko dute. Euren burua lanean ikusteko aukera izango dute, eta gainerakoek egindakoa ere aztertuko dute, zorroztasun handiko kritikak eginez, baina umorea galdu gabe.
Ondo moldatuko al da Maribel orkestra bateko kantari lanetan? Zenbat irabaziko du azoka bateko saltzaile moduan? Camping bateko arduradun bezala eta jaietako barrakak kudeatzen ikusiko dugu Gorka. Anjel, berriz, sanferminetan kaleak garbitzen eta turismo-gidari lanetan. Hiru aktoreek denetariko esperientziak biziko dituzte umorea galdu gabe.
Lehen saioa
Gaurko saioan, Gorka suhiltzaile lanean arituko da, Maribel orkestra bateko abeslaria izango da eta Anjel zirkuko artista baten azalean sartuko da. Ez dute erronka makala izango, baina gogotsu ikusiko ditugu. Bakoitzak begirale bat izango du, ondo ari dela egiaztatzeko. Halaber, hiru protagonistak bizitako esperientziaz hitz egiteko elkartuko dira: bakoitzak bere burua nola ikusi duen, besteak egindako lanaz zer iritzi duten… Larritasunik izango da, baina une dibertigarriak ere bai.
'Como Pez en el Agua' asteazkenero izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.