Itxi

telebista

ETB1en, 22:00etan

Hondarribian eta Pasaian ibiliko da 'Itsasontzi Baten' gaur gauean

A.A. | EiTB

Gipuzkoara bueltatuko dira Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas aste honetako atalean.

0:23

Gaur, Gipuzkoara bueltatuko dira Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas 'Itsasontzi Baten'. Hondarribian eta Pasaian arituko dira bertako txokoak, istorioak eta pertsonaiak bilatuz.

Atal honetan, aipamen berezia egingo diote 1961ean izan zen enbatari. Maitenak Santiagorekin eta Beñardorekin egingo du topo, eta solasean arituko da biekin. Santiagok aita galdu zuen enbata hartan, eta Beñardo haren lekukoa izan zen, hamalau urterekin, itsasoan lanean hasi zen lehen egunean, gertatu baitzen.

Ibonek, berriz, 17 urtez itsasoan nabigatzen ibili den gizon bat ezagutuko du. Hilabete batzuetarako joan zen etxetik, eta, azkenean, urteak eman zituen kanpoan.

Era guztietako istorioak izango dira, baina baita akzio pixka bat ere. Hondarribian Erearekin topo egingo dute Ibonek eta Maitenak, eta apnea probatuko dute. Zenbat denbora egingo ote dute ur azpian? Eta zenbat metrotaraino jaisteko kapaz izango dira?

Pasaiako portuan egiten den lana bertatik bertara bizitzeko ere aprobetxatuko du Ibonek. Itsasontzi erraldoi bat atoian eramaten saiatuko da. Ea zer moduz moldatzen den.

Maitena, bere aldetik, Albaolara joango da. San Joan baleontziaren eraikitzeko lanak zer moduz doazen ikusiko du bertako lagun batzuekin.

Amaitzeko, arraunak ere izango du bere tartea bi herri horietan. Pasaiako eta Hondarribiko arraunlari neska-mutilekin ibiliko dira bi aurkezleak.

'Itsasontzi Baten' saioa gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

us-en.