Itxi

telebista

Kirol emanaldiak

Bilbao Athletic-Real Union, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Gainera, Lekeitioko pilota torneoaren finalaurreko partida eta saskibaloiko gizonezkoen Euskal Kopa finala izango dira ikusgai.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute gaur Bilbao Athletic eta Real Union taldeen futboleko bigarren B mailako partida. Norgehiagoka Lezaman jokatuko da 16:00etatik aurrera, eta Naxari Altunak eta Juanan Larrañagak egingo dute zuzeneko kontakizuna.

Ondoren, Euskal Telebistako kamerek Lekeitioko pilotalekuarekin bat egingo dute zuzenean, eta bertan jokatuko den pilota torneoaren finalaurreko partida eskainiko du. Olaizola II- Albisu eta Urrutikoetxea-Larunbe bikoteek jokatuko dute txapelketako partida, eta ondoren, Arretxe II- Salavaeri eta J. Retegi- Jaunarena bikoteen arteko norgehiagoka izango da ikusgai. Josetxo lizartzak, Jokin Errastik eta Xabier Anduezak egingo dute kontakizuna zuzenean, 18:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bestalde, ETB4 kateak saskibaloiko gizonezkoen Euskal Kopa finala eskainiko du zuzenean. RETAbet Bilbao Basket eta Gizpuzkoa Basket taldeek jokatuko dute, 18:30an, Durangon, eta Juan de la Vegak eta Josean Aldaurrek emango dute neurketaren berri. Partida eitb.eus-en ere izango da ikusgai.

Amaitzeko, Donibane Lohizuneko zesta Sari Nagusiaren finala eskainiko dute ETB4k eta eitb.eus-ek, Iñigo Aiestaran eta Felix Espillaren eskutik, 12:30etik aurrera.