telebista
EiTB-REN ESTILO LIBURUA
'EiTBren estilo liburua', Durangoko Azokan salgai
A.E.|EiTB
Kazetarientzako jardunbide eta arauak eta informazioaren tratamenduaren irizpideak jasotzen dituen liburua eskueran izango da Elkarren standean.
EiTBren estilo liburua Durangoko Azokan dago salgai, Elkarren standean. Kazetaritzako jardunbide eta arauak eta informazioaren tratamenduaren irizpideak jasotzen dira bertan. Estilo liburua EiTBko profesionalen eskakizun historikoa asebetetzera dator, egunero sortzen diren kezka eta zalantzak argitzeko. Lana komunikazioaren profesionalei zuzenduta dago, baita komunikatzaileak prestatzen dituen irakaskuntzako eta unibertsitateko munduari ere; halaber, komunikabideen bitartez jasotzen duten informazioaren kalitateaz kezkatuta dauden herritarrei.
Estilo liburu hau hirugarren belaunaldikoa dela azpimarratu du Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak liburuaren hitzaurrean, "tratamendu informatiborako jarraibideak eman eta ikuspegi multimedia aplikatzen duelako". Berebat, estilo liburuaren izaera bizia nabarmendu du, izan ere, "aldaketa teknologiko eta sozialek lan hau bizia eta dinamikoa izan dadin eta aldian-aldian egunera dadin eskatzen dute. Erronka zirraragarria da, Zuzendaritzak eta Erredakzio Kontseiluak behar bezala heltzen jakingo dutena". Estilo liburu honen bidez, EiTBk, komunikazio talde publikoa den aldetik, kazetaritza lanean kalitatez eta herritarren informazio eskubidearen bermez aritzea aldarrikatu nahi duela adierazi du Iturbek.
EiTBren estilo liburua EiTBko profesionalek eta EHUko komunikazioan adituek prestatutako multimedia lana da, eta zortzi atal ditu: Aurkezpena; EiTBren informazio-misioa; Etika, deontologia eta jardunbide profesionala; Legezko erantzukizuna; Informazioa lantzeko jarraibideak; Jardunbide profesionalerako jarraibideak; EiTBren Erredakzio Estatutua; eta Eranskinak.
Jarraibideak, independentziaren, erantzukizunaren eta profesionaltasunaren parametroetatik abiatuta
Estilo liburuak independentziaren, erantzukizunaren eta profesionaltasunaren parametroetatik abiatuta eskaintzen ditu jarraibideak.
Lantze prozesuan hainbat mahai-inguru antolatu dira eztabaidak eta zalantzak sortzen dituzten hainbat kazetaritza gai nagusi jorratzeko helburuz, 100 profesional baino gehiagoren partaidetzarekin.
Lan prozesua aurrera eramateko, orobat, komunikazioa eta estiloan aditua den EHU/UPVko ikerketa talde baten laguntza izan da. EiTBren estilo liburuan gai konplexu askoren tratamendu informatiborako jarraibideak aurki daitezke. Besteak beste, gai hauek daude horien artean: giza-eskubideak; biktimen aitormena eta bakea; ezbeharrak, hondamendiak eta istripuak; gatazka armatuak, gerrak eta terrorismoa; indarkeria matxista; immigrazioa; arrazakeria eta xenofobia; droga-menpekotasuna eta adikzioak; ezgaitasuna eta gaixotasuna; adingabeak eta nerabeak; suizidioak; delituen polizi ikerketa eta judiziala, eta beste gai garrantzitsu batzuk.
Halaber, izaera multimedia duen liburuan jardunbide profesionalerako jarraibideak aurki daitezke, hauen ingurukoak, tartean: informazio politikoa, titularrak, kronikak, elkarrizketak, adierazpen hizkuntzen tratamendua, sare sozialak, izen-abizenak, toponimia, eng ekipoen bidezko irudien grabazioa, azpidazketa bidezko itzulpena, telebistan erabili beharreko kredituak, eta kazetaritza tresnei lotutako beste kontu batzuk.
Liburu hau EiTBko informazio misioari lotutako tresna bat da, kalitate parametro hauek betetzen dituena: informazioa eta iritziaren arteko bereizketa; egiazkotasuna eta informazioaren egiaztapena; informazio oreka, ikuspuntu guztiak kontuan hartuta; inpartzialtasuna, desoreka eta joerarik gabe; neutraltasuna, gertaeretan inplikaziorik gabe; independentzia, presiorik gabe eta errealitateari leialak izanik; eta sinesgarritasuna, lehentasunezko helburu iraunkor gisa.