Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

'Por derecho propio' dokumentalak Kontzertuaren 140 urteak errepasatuko ditu ETB2n

A.E.|EiTB

Dokumentalak fikzio historikoa, historialariei egindako elkarrizketak eta trantsizio espainiarretik gaur egunera arte Kontzertu Ekonomikoaren bilakaeraren protagonisten kontakizuna tartekatzen ditu.

  • Argazkia: EiTB. Dokumentaleko irudia.

    Dokumentaleko irudia. Argazkia: EiTB.

Por derecho propio dokumental historikoak Euskal Kontzertu Ekonomikoaren 140 urteko ibilbidea errepasatuko du, 1878tik 2018ra bitartera, jatorritik, Foruetatik, abiatuz. Erdi Arotik datorren arau multzoa dira Foruak, eta lehenengotariko sistema politiko demokratikoaren bidea erraztu zuten.

New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak Euskal Telebistarentzat egindako dokumentala Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten atzo, otsailaren 28an, 1878an onartutako Kontzertuaren urtemuga egunean, hain zuzen ere. ETB2n, berriz, gaur izango da ikusgai, 22:30ean.

Dokumentalak fikzio historikoa, historialariei egindako elkarrizketak eta trantsizio espainiarretik gaur egunera arte Kontzertuaren bilakaeraren protagonisten zuzeneko kontakizuna tartekatzen ditu.

Kontzertua ika-mika politikoen erdigunean dagoen honetan, Arantza Ruiz kazetariak bidaia berezia egin du Kontzertu Ekonomikoa Erdi Aroko pribilegioa edo eskubide historikoa den ulertzeko.

Dokumentalak Urko Olazabal aktorea protagonista duten lau garai erakutsiko ditu. Lehena, Fernando Katolikoa erregeak 1476an Gernikan Foruen zina egin zuenekoa; bigarrena, Bergarako Besarkada, 1836an, Espartero eta Marotoren artekoa, lehen karlistaldiaren ondoren; hirugarrena, Canovas del Castillok 1876an forua indargabetzeko emandako legea; eta laugarrena, Agirre lehendakaria erbesteratu zenekoa, eta Francok Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertua indargabetu zuenekoa.

Diktadorea hil ondoren, Eusko Jaurlaritza berriaren helburu nagusia bilakatu zen euskal lurralde guztiarentzat Kontzertu Ekonomia berreskuratzea. Une horretatik aurrera, Kontzertuaren historia ezagutzeko, Arantza Ruizek 1978tik hona protagonista izan direnak elkarrizketatuko ditu. Orobat, dokumentalak trantsizioaren eta demokraziaren lehen urteetako artxibo irudiak berreskuratuko ditu eta 40 urte hauetan barrena bidaia egingo du prentsaren bidez.

Besteak beste, 1980. urteko negoziazioa zuzenean ezagutu zuten Carlos Garaikoetxea, Pedro Luis Uriarte, Rodolfo Martin Villa eta Carmen Gallastegui politikari eta adituen lekukoa jasoko du. 2001ean ituna berritu behar izan zuten, eta Arantza Ruizek Cristobal Montoro ministroa elkarrizketatu du, orduko protagonista. Montoro izango da, halaber, 2017ko negoziazioaren ardatz nagusi. Azkenik, Ramon Jauregui europarlamentariak eta Gemma Martinez Barbara Ad Concordiam elkarteko kideak Europar Batasunean kokatuko dute Kontzertua.

Dokumentala hiru ahaldun nagusiekin, euskal lurraldeetako zerga subiranotasunaren ordezkariekin, amaituko da.

Horiekin guztiekin batera, euskal historian aditu diren euskal ikerlari hauek parte hartu dute lanean: Alberto Santana, Miren Alberdi, Mikel Alberdi, Roldan Jimeno, Iñaki Goiogana, Leyre Arrieta eta Eduardo Alonso Olea.

Maite Ibañezek eta Begoña Atinek zuzendutako dokumentalean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek hartu dute parte.

Guztira, dokumentalean hamazazpi aditu eta protagonista elkarrizketatu dituzte. Eszena historikoak berregiteko Beti Jai Alai taldearen eta Sancho Beurko Elkartearen laguntza izan dute, baita Euskadiko Filmategia, Bertan Films eta Anton Ezeizaren esku hartzea ere.