Itxi

telebista

'El Conquis'en 13. atala

Krasik Unai kanporatu du abenturako duelurik gogorrenean

EiTB

Soka bustiaren duelua ez da erabaki azken uneraino. Berdeek masprezean oreka mantentzeko immunitate jokoa irabazi dute azken zatian Zuriñek egin duen erakustaldiari esker.

Azkenean, Maritxuk eta Anak nahi zutena lortu dute "El Conquistador del Caribe" saioaren 13. atalean: Unai etxera bueltan da Krasi talde urdinera iritsi berriaren mesederako. Dena den, gainerako taldekideen botoek ere talde gorriko nesken estrategiari jarraitu diote. Harritzekoa da bilbotarrari dioten gorrotoa. Ez dute ezer esan, baina zerbait larria gertatu behar izan da kanpamentuan; bestela, ezin da ulertu Unairekiko duten jarrera, arazoa bizikidetza falta baino ez bada.

Dena dela, burua gora esan dio Unaik agur saioari, orain arteko duelurik gogorrenari aurre eginda, soka kiribiltzeko duelua, hain zuzen ere. Kate batez lastatutako 60 metroko unama bustia ez da edonork egiteko duelua; gainera, duelua ez zen ebatzi azken uneraino. Lan bikaina egin dute biek ala biek. Egindako lanarekin Krasik erakutsi du garaipena lortzeko hautagaietako bat dela, orain arte inor konturatu ez bada.

Masprezean oreka mantentzeko immunitate jokoa bi taldeek irabazteko bezalakoa zen arren, Isma eta Gorrotxaren taldea adorerik gabe iritsi da probara kaiuko batean igo behar zelako. Gorriek ontziarekin izan duten esperientzia ez da baikorra izan; are gehiago, esan liteke trauma bat bilakatu dela: gorrien aurrean "kaiuko" esatearekin bakarrik proba erdia irabazita dute arerioek. Egia esan, hasieran zirudiena baino parekatuagoa izan da jokoa eta azkenean berdeek irabazi badute Zuriñek azken tartean egin duen erakustaldiagatik izan da. Gainera, esan beharra dago Unaik ere ez duela batere gaizki egin, nahiz eta ez duen ezertarako balio izan.

Urrats bat gehiago bateratzerantz eta aurrerapauso oso garrantzitsua irabazleentzat; izan ere, kanpamentu aberatsean atseden hartzea eta ederki janda indarberritzea askoz garrantzitsuagoa da abenturan aurrera egin ahala.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.