telebista
22:30ean
Andrea eta Delfo 'El Conquis' eztabaida-saioan izango dira gaur gauean
EiTB
Juanito, Telmo, David, Eneko, Isa, Gotzon eta Arantza Garzes izango dituzte gonbidatu adituak abentura aztertzeko, eta protagonisten lagun eta senideak etorriko dira horiekin batera.
Andrea duelutik kanporatu eta Delfok lehiaketa utzi ostean talde urdineko kide bakarra gelditzen da abenturan. Hain zuzen, Andrea eta Delfo izango dira gaur gauean 'El Conquis' saioko platora etorriko diren gonbidatuak. Halaber, Krasi, Seleta eta Maevaren etorkizunaren berri izango dugu. Bulgariarrak ezkerreko besoa oso minduta du, Berriatuko pilotaria saihetsean hartutako kolpetik ez da guztiz osatu, eta nafarrak sabelean kalte egin dion infekzioa duenez, mediku taldeak ezohiko neurriak hartu beharko ditu.
Andreak bere izendapenaren nondik norakoak azalduko ditu saioan. Halaber, Delforen bat-bateko irteeraren inguruko zehaztapen gehiago jakingo dugu.
Orain arte ikusi ez diren hainbat irudik astelehenean lehiaketan ikusitakoa borobilduko dute: dueluan parte hartu zutenen kanpamentura itzultzeko unea, Gotzonek eta Jassek kanpamentu aberatsean izandako barne-barneko elkarrizketa, kanpamentu bateratura iritsitako gutunaren irakurketa eta beste zenbait sorpresa izango dira.
Bestalde, Juanito, Telmo, David, Eneko, Isa, Gotzon eta Arantza Garzes izango dituzte gonbidatu adituak abentura aztertzeko, eta protagonistak ondo baino hobeto ezagutzen dituzten lagunak eta familiartekoak egongo dira horiekin batera.
Joseina Etxebarriak platoa musikaz girotuko du, Ainhoa Etxebarriak txiorik onenak nabarmenduko ditu eta Humberto Gutierrezek pertsonaia berri batekin txundituko gaitu. Orobat, azken asteetan bezala, beste hiru lehiakide kanporatuko dituzte lehiakide kuttunaren zerrendatik.
'El Conquis del Caribe' asteazkenetan izaten da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 22:30ean.