Itxi

telebista

22:30ean

'Vascos Por El Mundo' saioa Mexiko Hirian izango da gaur gauean

EITB

Roberto Vazquez kazetariak hiri horretan bizi diren euskaldunak ezagutuko ditu.

'Vascos Por El Mundo' saioa Mexiko Hirian izango da gaur, munduko hiri erraldoienetako batean. Izan ere, bertako hiri-eremuan 22 milioi pertsona inguru bizi dira (Euskadin baino 10 aldiz gehiago).

Roberto Vazquez kazetariak hiria ezagutzera eramango gaitu, bertan bizi diren euskaldunen eskutik, eta, saioan ikusiko dugunez, kolorez eta kontrastez betetako tokia da. Mexiko Hiria askotarikoa da, eta hori agerian geratzen da kaleetan barrena ibiltzen garenean: errotutako tradiziorik zaharrenekin batera (Guadalupeko Amarekiko debozioa, mariatxiak, tekila…), hiriaren ikuspegi modernoena ere ikusiko dugu, tartean etxe-orratzen handitasuna eta La Roma eta La Condesa auzoetako herri-xarma ere. Bertan bizi diren euskaldunak kontraste horren adierazgarri dira neurri batean.

Ainhoak 26 urte ditu, eta hiru urte daramatza bertan. Diseinatzaile grafiko gisa ikasketak bukatu nahian iritsi zen, sei hilabetez egoteko asmotan, baina bertan aurkitu du bere txoko profesionala.

Gorka getxoztarra da, eta erronkei ez die ezetzik esaten. 41 urte beteta, mundu erdia ezagutzen du jada, sukaldari lanetan ari delarik. Mexikon, baina, ezin zoriontsuago bizi da. Juan Mari Arzaken eskutik iritsi zen bertara, eta jatetxe propioa du orain.

Borja orain sei urte iritsi zen Donostiatik. 37 urte zituen Mexikon “Erasmus berezia” egitea erabaki zuenean, eta lotura estua izan du hasietatik bertako Euskal Etxearekin.

Dolores bilbotarrak 70 urte beteko ditu, eta harekin, familiarekin eta lagunekin ospatuko dugu. Orain mende erdi joan zen Atxuritik, amodioak bultzatuta.

Azkenik, Anderrek 32 urte ditu, eta sei urte daramatza Mexiko Hirian. Gustuko duen lana aurkitu du, eta baita bikotekidea ere.

'Vascos Por El Mundo' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista