telebista
22:30ean
Amsterdam bisitatuko du 'Vascos por el Mundo' saioak gaur gauean
EiTB
Bertan bizi diren euskaldunek hiriaren txokorik polit eta ezkutuenak erakutsiko dizkiote Pedro Mardones kazetariari.
-
Pedro Mardones
Gaur gauean, 'Vascos por el Mundo' saioak Herbeheretako hiriburua, Amsterdam, bisitatuko du Pedro Mardones kazetariaren eskutik. Kanalen hiria edo Iparraldeko Venezia bezala ere ezaguna, Amsterdam Europako hiririk politenen zerrenda gehienetan topa daiteke. Bertan bizi diren euskaldunek hiriaren txokorik polit eta ezkutuenak erakutsiko dizkiote kazetariari.
Javier Lizarrakoa da, eta 14 urte daramatza Amsterdamen. Koreografo eta musikari bezala egiten du lan, eta txalaparta eta hang-a jotzen bikain moldatzen da. Leire ere ezagutuko dugu, Iruñeo dantzari bat eta Sumairen ama, Javierren alaba. Familia horrekin bat egin eta Museumplein bisitatuko du saioak.
Maitasunak ekarri zuen Leyre Amsterdamera. Berarekin batera, Dam Plazatik barrena ibili ostean, derrigorrezko geldialdi bat egingo du Pedrok Jordaan auzoan, Ana Franken Etxea izan zenean.
Patriciak zazpi urte daramatza Holandan eta adimen artifizialarekin lotura duen start-up batean egiten du lan. Amsterdameko Itsas Museora eramango du kazetaria. Bertatik ateratzean, Amsterdameko gaua nolakoa den probatuko dute Waterloo azokan, loreen merkatuan eta Auzo Gorri ezagunean barrena.
Nerea donostiarra da, Ulia mendikoa, zehazki esateko. Izatez dantzaria bada ere, kanaletan barrena egiten diren bidaietan azafata bezala egiten du lan. Badira 20 urte Amsterdamera iritsi zenetik, eta Zaanse Schans errota ezagunak bisitatzera eramango du kazetaria.
Iñakik sei urte daramatza Bilbo eta Amsterdamen artean joan-etorrian. Pedrori azalduko dio nola den bi hirien artean bizitzea, eta baita ere nolakoa den Heineken bezalako garagardo marka internazionalean lan egitea: nazioarteko kontuen zuzendaria da.
Ainara Barakaldokoa da, baina lau urte daramatza Holandan. Harlem auzoan bizi da eta bertatik barrena ibiliko da Pedrorekin. Eguna amaitzeko, Amsterdameko gaztarik onena dastatuko dute, eta kazetaria hitzik gabe uztea lortuko du.
David bilbotar petoa bada ere, zazpi urte bete berri dira herbeheretara joan zenetik. Berarekin batera, Europako zaburik garaiena bisitatu ostean, munduko lehen kondoi fabrika bisitatuko du Pedrok. Eguna kirol apur bat eginez amaituko dute, Stand Up Paddle egiten arituko dira Amstel ibaian barrena. Gainera, errubik kuboarekin hainbat Guinness errekor dituela azalduko dio.
'Vascos por el Mundo' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.