telebista
Ostegunean, 22:30ean
Lisboa izango da 'Vascos por el Mundo' saioaren gaurko geltokia
EiTB
Carolina Calvo kazetariak Portugalgo hiriburuko txokorik ezkutu eta maitagarrienak ezagutuko ditu bertan bizi diren euskaldunekin batera.
-
Carolina Calvo Lisboan. Argazkia: EiTB
Bigarren urtez jarraian jaso du Lisboak 2018ko Europako helmuga turistiko onenaren izendapena, eta bertara bidaiatuko du 'Vascos por el Mundo' saioak hori ziurtatzeko. Bisitatu beharreko hamaika auzo, jarduera kultural eta 17 graduko media duen klimari esker, oporretan egun batzuk igaro eta deskonektatzeko leku ezin hobea omen da. Carolina Calvok, 'Vascos por el Mundo' taldeko kazetari berriak, hiriaz gozatuko du bertan bizi diren euskaldunekin batera.
Laura 28 urteko arkitektoa da. Lisboara alboan motxila bat besterik ez zuela iritsi zen, eta egun batzuk beranduago ezustean lana aurkitu izanaren ondorioz, bere lagunei eskatu behar izan zien bisitan joan eta arropa gehiago eramateko. Orain arkitektura estudio batean egiten du lan eraikin zaharrak egokitu eta eraberritzen.
Davidek 43 urte ditu eta Barakaldokoa da. Artista polifazetiko peto-peto baten bizimodua darama, eta ikuskizunaren munduko hainbat ekintzatan hartu behar izaten du parte Portugaleko soldata baxuei aurre egiteko. Kazetariari Lisboako auzorik alternatiboenak erakutsiko dizkio, hala nola Moureira edo Intendente auzoa. Garai batean auzo marjinalak izan baziren ere, Lisboako Udalak hartutako neurriei esker, orain hiriaren gune neuralgiko bihurtu dira.
23 urteko bilbotarra da Jone. Lisboa hautatu zuen bere bigarren Erasmus proiekturako, eta hiriarekin guztiz maiteminduta, karrera amaitu bezain laster bertara bizitzera joatea erabaki zuen. Primetag startup portugesean egiten du lan, influencer-en marketinean. Kazetariari Aduriz portugesa aurkeztuko dio eta Lisboako parranda giroa zer moduzkoa den ere erakutsiko dio.
Aymarak 26 urte ditu. Sortzez donostiarra da, gurasoak argentinarrak ditu eta egun Lisboa hiriaren adopzioko alaba dela defendatzen du. Bere lurra faltan botatzen badu ere, kultura portugesa ere asko gustatzen zaio. Berarekin, saioak Lisboako gune tipikoenak ezagutuko ditu eta bere familia portugesarekiko duen maitasuna erakutsiko du, baita haiek Euskadiri diotena ere.
'Vascos por el Mundo' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.