telebista
22:45ean
Eibarko San Juan jaietako kontzertu erraldoia, gaur, 'Oholtzan' saioan
EiTB
Untzaga plazan grabatutako kontzertua izango da abenduaren 25ean ikusgai. Bertan izango dira, besteak beste, Trio Medianochek, Eibarko Sostoa Abesbatza eta EKG Eibar Koru Gaztea.
-
Trio Medianoche taldea 'Oholtzan'en
Eibarko San Juan jaietan, ekainaren 22an, Untzaga plazan grabatutako kontzertu erraldoia izango da gaur ikusgai. Eibartarrak diren taldeek hartuko dute parte ikuskizunean; Trio Medianochek, Eibarko Sostoa Abesbatzak eta EKG Eibar Koru Gazteak. Halaber, Sergio Sanabria abeslariaren eta Joxe Mari Orbegozoreren eta Azpeitiako Dantzaki Dantza eskolako dantzarien parte hartzea izango du ikuskizunak.
Antzinako eta gaur egungo abestiak uztartzen dira emanaldian, publiko orori zuzendutako ikuskizun paregabea baita.
Trio Medianoche
2013. urtean, Jesus Bastida eibartarrak sortutako taldea da. Honek, Bernardo Aguilera eta Pedro Bartrarekin batera osatzen dute taldea. Eibarren ikuskizun hau eskaintzeak badu zerbait berezia, beren ikuskizunen lekua izan baita sarritan. Emanaldi berezia izan da oso Mexikoko abestiak kantatzen dituen talde honentzat.
Sostoa Abesbatza
Herri mailan egindako deialdi baten ondorioz 1984. urtean sortutako abesbatza da. Andres eta Manuel Sostoa Zuloaga anaiei zor zaie izena. Abestabatza, Eibarko ekitaldi nagusietan beti egon da presente; halaber, Euskal Herrian zehar eta atzerrian ere emanaldi ugari eskaini izan dituzte.
EKG Eibar Koru Gaztea
Juan Bautista Gisasola Musika eskolan sortutako abesbatza gaztea da. Gaur egun Eibar, Ermua eta Elgoibarko 20 gazteek osatzen dute. Elena Marti Lapeyark 2008. urtean sortu zuen, Eibarko harrobia izateko xedearekin.
Abesbatza dinamikoa eta musika beste estilo batean landu daitekeela erakusten duen abesbatza dugu honako hau. Urte hauetan hainbat ekitaldietan hartu dute parte, baita Euskal Telebistako 'Oh Happy Day' saioan ere. Musikaz gainera, erakusten dituzten koreografiak ere aipagarriak dira.
Eibarko Udalak eta ETBk antolatutako ikuskizun hau gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.