telebista
22:30ean
Stockholmen izango da 'Vascos por el Mundo' saioa gaur gauean
EITB
Robeto Vázquez kazetariak suediar hiriburuko kantoi bitxienak ezagutzera eramango gaitu sei protagonista euskaldunen eskutik.
-
Stockholm
'Vascos por el Mundo' saioa Stockholmen izango da gaur gauean, milioi bat biztanle dituen hiriburuan. Stockholmek oso lotura estua du itsasoarekin, izan ere, 14 uharte nagusik inguratzen dute. Roberto Vazquez kazetariak hirian barrena eramango gaitu sei protagonista euskaldunen eskutik, toki idilikoenak ezagutzeko.
Irantzu eta Goizeder oso bikote maitekorra dira. Irantzuk 32 urte ditu eta Santurtzikoa da; Goizederrek, ostera, 33 urte ditu eta Arrasaten bizi izan da bizitza osoa. Irantzuk ingeniaritza ikasi zuen Arrasaten, eta gimnasioan ezagutu zuen Goizeder, bertako irakasleetako bat. Duela bi urte, maletak egin eta Stockholmera joan ziren. Alde zaharra (Gamla Stan) eta Suediako errege-etxearen segurtasun aldaketa famatua ezagutuko ditugu beraiekin, eta El Vasco izeneko euskal jatetxera eramango gaituzte.
Juan Carlos donostiarra sukaldaria da. Suediarrak maitemindu dituen platera prestatzen ikusiko dugu. Horrez gain, hiriko merkatua ezagutzeko aukera izango dugu. Suediarrak eta euskaldunak erosketak egiten ezberdinak garela ikusiko dugu bertan, eta hiriko museo garrantzitsuenetako bat bisitatzera eramango gaitu: El Vasca.
Andres Arrigorriagakoa da eta 45 urte ditu. Egitura birtualak diseinatzen egiten du lan, kanpoko egiturak zein barrukoak. Suediako etxebizitzen inguruan eta horiek alokatzeko moduez hitz egingo digu, neguan zabaltzen duten izotz-pistara joan aurretik. Skansen, aire zabalean dagoen munduko lehen museoa eta ABBA musika taldearen museoa ezagutuko ditugu horren eskutik.
Evelyn donostiarra da, eta KTH unibertsitatean elkartuko da Robertorekin, Europako hezkuntza zentro pribilegiatuenean. Stockholmeko udaletxea ere ezagutzeko aukera izango dugu; izan ere, bertan egiten da Nobel sarietako gala. Donostiar peto legez, marinel arima du Evelynek, eta artxipelagoa ezagutzera eramango gaitu, uharteen artean bidaia bitxia eginez. Amonari eskainitako abesti batekin egingo digu agur gipuzkoarrak.
Unaik 43 urte ditu eta getxoztarra da. Maitasunak eraman zuen Suediara, eta Stockholm ezezagunagoa ezagutuko dugu horrekin, Millenium filmeko eszena batzuk grabatzeko hautatu zuten hiria. Bukatzeko, begiratoki ikusgarrienetako batera ere eramango gaitu.
'Vascos por el Mundo' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.