telebista
23:30ean
'Pills searching for illness' erreportajea, gaur gauean, ETB2n
EITB
Saioa medikamenduen gehiegizko kontsumoaren inguruan arituko da eta botika batzuen efektu kaltegarriak jasan dituzten kontsumitzaileen testigantzak bilduko ditu.
-
'Pills searching for illness' erreportajea eskainiko da. Argazkia: EiTB
Osasunaren negozioaren inguruko '360º' saioaren ondoren, Pills searching for illness TV3ko 'Sense Ficció' saioak eskainitako erreportajea izango da ikusgai gaur ETB2n. Azkeneko urteetan neurririk gabe hazi den medikamenduen kontsumoan sakonduko dute. Arazo larria bihurtzen ari da botiken kontsumo oldarkor hau eta herrialde aberatsetan heriotza eragiten duen hirugarren kausa da, gaixotasun kardiobaskularren eta minbiziaren atzetik.
Halaber, zenbait gaixotasun nabarmen hazi dira azkeneko urteetan kontsumo honi lotuta, horien artean, haurren hiperaktibitatea. Baina, beharrezkoa da horrenbeste medikamendu hartzea? Onuragarria ote da bizitzaren prozesu naturalei aurre egiteko botikak hartzea?
Industria farmazeutikoa da, dudarik gabe, kontsumo honen hedapenarekin probetxu gehien ateratzen duena. Erreportajeak medikamenduen efektu kaltegarrien ondorioak jasan dituzten pertsonen testigantzak jasoko ditu. Horien artean, gaixotasun fisiko atzeraezinak edota heriotza bera ekarri dezaketen botikak daude, besteak beste, Agreal, Paxil edo Propecia. Kaltetuek industria farmazeutikoari efektu horiek ezkutatzea leporatzen diote, eta nahiz eta herrialde batzuetan debekatu izan dituzten, munduko beste toki askotan legalki saltzen dira merkatuan.
Espainian, Mexikon eta Estatu Batuetan eman diren kasu errealak eta kaltetuen testigantzak bilduko ditu saioak, kontsumitzaileen artean oso ezaguna ez den gai honen gainean arreta pizteko helburuarekin.
Pills searching for illness erreportajea gaur izango da ikusgai, 23:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.