Itxi

telebista

22:15ean

BBVAri buruzko '360º'ren atala, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB

EiTB Nahieranen ikusgai dago BBVAko presidente izan den Francisco Gonzalezen igoera eta erorikoa aztertzen dituen atala.

  • Eider Hurtado eta Amador Guerrero '360º' saioan

    Eider Hurtado eta Amador Guerrero. Irudia: EITB

EITB Nahieran atariak estreinatu du '360º' saioko denboraldi berriko lehen atala: 'La batalla por el BBVA: Asalto al poder'. Duela gutxi arte, bankuko zuzendari izan zen Francisco Gonzalezen ibilbidea azaltzen du, bere igoera eta erorikoa. Gaur, bere ohiko ordutegian emitituko da ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15ean.

Francisco Gonzalez BBVA bankuko presidentea izan da azken 20 urte hauetan. Duela gutxi, kargua utzi behar izan du, hainbat informazioaren arabera, Villarejo auzian nahastuta dagoelako. ETB2ko saioak bere igoera nolakoa izan zen eta erorikoa nola etorri den azalduko digu. Hain zuzen ere, pelikula batetik ateratako istorio baten antza daukan ibilbidea izan du eta, berak boterea pilatzen zuen bitartean, Banco Bilbao eta Banco Vizcaya sortu zituzten Euskal Herriko familiak indar hori galtzen joan ziren.

'360º' saioak BBVAko kontseilariek indarra nola galdu zuten kontatuko diguten iturri esklusiboetara iristea lortu du. Iturri horietako batzuek azalduko dute Jose María Aznar izan zela Francisco Gonzalezen bultzatzaile nagusia bankuen sektorean. Besteak beste, elkarrizketatuko dituzte Amador Guerrero Ayora, El Economista egunkariko zuzendaria, eta Inmaculada Sanchez, El Siglo aldizkariko zuzendaria. Bien iritziz, botere gosez, edozertarako gai zen Francisco Gonzalez.

Iñigo Barrón, El País egunkariko kronista, eta Manu Álvarez, El Correoko ekonomia aditua, ere agertuko dira saio honetan. Jerseyko kontu sekretuen auzia azalduko digute. Kontu horien afera erabili zuen Francisco Gonzalezek BBVAko kontseilariak bankuko zuzendaritzatik kanporatzeko eta kontrol osoa bereganatzeko.

Beste alde batetik, SACYR enpresako zuzendaria izan zen Luis de Rivero ere elkarrizketatuko du Eider Hurtadok. Riverok, Banco Bilbao eta Banco Vizcaya sortu zituzten familietako kideekin batera, BBVAko akzioak erosteko saiakera egin zuen 2004an, baina ez zitzaien ondo atera. Geroago jakin zuen Riverok Villarejo polizia ohiak espiatu egiten zuela.

Hainbat iturriren arabera, Riverori buruzko ikerketa eskatu zion Francisco Gonzalezek Villarejori, "Euskal familien kontraerasoa" izenarekin ezagutu zen hura gelditu ahal izateko. Gai horri buruzko datuak Joaquin Vidalek emango ditu '360º' saioan, Moncloa.com atariko zuzendari ohiak, eurek argitaratu baitzituzten hainbat enpresari, banka munduko zuzendariri eta kazetariri egindako ikerketaren xehetasunak. Vidalek gainera, Villarejok, Francisco Gonzalezek eta Madrilgo Windsor eraikineko suteak izan dezaketen lotura ere azalduko du.

'La batalla por el BBVA: Asalto al poder' saioak film batetik ateratakoa dirudien narrazioa ekarriko digu, traizioz eta botere gosez betetakoa.