telebista
22:15ean
Independentzia judizialari buruzko erreportajea eskainiko du gaur '360º' saioak
EiTB
'Procés' eta Altsasuko kasuak ikertuko dituzte, Espainiako lege-sistemaren independentzia maila aztertzeko.
-
Eider Hurtado '360º' saioaren aurkezlea.
La independencia judicial: ¿Causa perdida? erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, '360º' saioak ETB2n eta eitb.eus-en. Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten duen saioak oso kutsu politikoa izan duten kasuak ikertuko ditu, 'procés' eta Altsasu auzia, hain zuzen ere, eta epaile eta epaitegien ibilbideei erreparatuko die.
Altsasuko zortzi gazteak kondenatu zituen Auzitegi Nazionalak eta Concepción Espejel Gai Penaletarako Aretoko presidenteak sinatu zuen sententzia hori. Epailearen inpartzialtasuna ezbaian jarri dute askok, senarra Guardia Zibileko koronela duelako eta beste auzi batzuetatik ezetsi dutelako, Gurtel auzitik esaterako, Alderdi Popularrarekin duen harremana dela eta.
'Procés' auziari dagokionez, Gonzalo Boyé Carles Puigdemonten abokatuaren esanetan argi dago esku-hartze politikoa izan dela. Halaber, Manuel Marchena Auzitegi Goreneko presidentea ere izango dute hizpide. Marchena auzitan egon da, Sofia Marchena alabari fiskal gisa aritzeko mesede egin diola egotzi diotelako.
Eider Hurtadok, halaber, Javier Gómez Bermudez epai ohia, M11ko sententziaren txostengile eta 'Parot doktrinaren' bultzatzailea, elkarrizketatuko du. ETAko presoen kondenak luzatu zituen 'Parot doktrina' ezartzeak testuinguru politikoarekin zerikusia ez duela azaldu du Bermudezek, eta Estrasburgoko epaitegiak zuzendu egin zionaren susmoa dauka. Bermudez epailea Barcenas auzitik alboratu zuten, eta mugimendu hori oso bizkor egin zela uste du.
Juan Pablo González epailea, halaber, Gürtel kasuaren epaiketatik baztertu zuten. '360º' saioaren kameren aurrean, Alderdi Popularrekin loturarik ez duela azalduko du. Horrez gain, saioan, Bilboko epaile dekano ohi eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal ohiaren ibilbidea aztertuko dute. Gürtel kasuaren sententziaren ondoren Eusko Jaurlaritzarekin hika-mika izan zuen Gonzálezek. Alberto Figueroa auziaren abokatuak berak defenditutako bezeroen zigorraren atzean helburu politikoa egon zela deritzo.
Informazio juridikoan aditua den Angela Martialay kazetariarentzat funtsezkoa da lan merituak lehenestea Botere Judizialaren barruko postu guztiak aukeratzerakoan. Hartara, Elisa Beni kazetariak dion legez, epaileek ibilibide profesionalean babesle politikorik gabe egingo dute gora.
Joaquín Bosch Valentziako Juezas y Jueces para la Democracia elkarteko bozeramailearen aburuz, frogatzea zaila bada ere, botere politikoak eragina izan dezake objektibotasunez egin beharko litzatekeen erabaki bat hartzerakoan.
'360º' saioa igandeetan ematen da, ETB1en eta eitb.eus-en.