Itxi

telebista

A10

Hauteskunde gauari arreta guztia, EiTBn

EiTB

Egunean zehar albistegiek hauteskunde egunari jarraipena egiteaz gainera, saio bereziak izango dira zortziak aurretik ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

0:19
Hauteskunde gaua ETB1en eta eitb.eus-en.

Gaurko hauteskunde orokorrei arreta berezia eskainiko die EiTBk, Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan horien berri emateaz gainera, 19:30etik aurrera saio bereziak egingo dira. 

Telebistako informazioari dagokionez, 100 pertsona baino gehiagoko lantalde handia mugituko du ETBk, hauteskunde gauak eman dezakeen guztiaren gaineko minutuz minutuko jarraipen zabala egiteko. 

Aurretik egindako galdeketen datuak abiapuntu hartuta, bozketaren emaitzak eskaintzen joango dira, zenbaketaren %100era iritsi arte. Datuok adituekin aztertzeaz gain, alderdien lehenengo erreakzioak bilduko dituzte. Horretarako, 20 konexio puntu inguru izango dituzte EAE, Nafarroa, Madril eta Bartzelonan. 

ETB1eko saioa 19:55ean hasiko da, pilota emankizunaren ostean. Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga aurkezleek bost solaskide izango dituzte bidelagun: Felix Arrieta, Eider Alkorta, Pili Kaltzada, Asier Blas eta Iñaki Galdos.  

ETB2n, Africa Baetak, Juan Carlos Etxeberriak eta Xabier Garcia Ramsdenek gidatuko dute 19:30ean hasitako den albistegi berezia. Bi solasaldi mahai izango dituzte: analistena eta politikariena. Lehenengoan, Braulio Gomez politologoa eta Naiara Pinedo, Maite Ubiria, Luis Aizpeolea eta Eduardo Portero kazetariak egongo dira. Bigarrenean, Jokin Bildarratz (EAJ-PNV), Alfredo Retortillo (PSE-EE), Paula Amieva (Elkarrekin Podemos), Iker Casanova (EH Bildu) eta Leopoldo Barreda (PP) bilduko dira. 

Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria  

Iluntzeko 19:30ean hasiko du hauteskunde gaua Euskadi Irratiak. Hautesleku batetik abiatuko du zuzeneko emankizuna. Iñaki Guridik eta Olaia Urtiagak gidatuko dute saioa, eta analisirako lau solaskide izango dituzte: Laura Mintegi, Mikel Aramendi, Xabier Barandiaran eta Javier Diaz Noci (azken hori Bartzelonatik). 

Radio Euskadiko saio berezia ere 19:30ean hasiko da, Dani Alvarezek gidatuta. Alboan izango ditu Jose Ramon Beloki, Marian Beitialarrangoitia, Teresa Laespada, Cristina Ruiz eta Carolina Uribe. Radio Vitoriak ere zuzenean eskainiko du honako saio berezia. 

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, emaitzak atera ahala, erreakzioak jasoko dituzte. 12 puntutara joko dute, Euskal Herriko eta Estatuko alderdien egoitza nagusietara, baita Kataluniara ere. Bertako emaitzei adi begiratuko diete, 'proces'aren inguruko sententziaren ostetik plebiszitu bezala ulertuko dituztelako askok hauteskunde hauek. 

Iritzi galdeketako emaitzak  

Telebistako zein irratietako saioetan, EiTBk eta hedabide publikoek egindako iritzi-galdeketaren emaitzak emango dira arratseko zortzietan, hauteslekuak itxiko diren momentuan. Ikerketa honek hauteskunde deialdi honetan izan diren emaitzen aurrerapena eta hurbilpena egingo du. 

Hauteskunde gaua eitb.eus-en

Hauteskunde gauaren ertz guztiak edukiko ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak gaur. EiTBko webguneak jarraipen zabala egingo dio boto kontaketari, herriz herri eta lurraldez lurralde izandako emaitzak eskaintzearen bidez. Ordenagailu eta bestelako gailu mugikorren bidezko nabigazioak boto-zenbaketa minutuz minutu jarraitzea ahalbidetuko du, eta grafiko egokituak alde batetik, eta udalerria edo lurraldea zehazteko bilatzailea bestetik, izango ditu. 

Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako saio bereziak ere zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira eitb.eus-en bitartez. Horrez gain, hauteskunde gauaren momenturik onenak bideo, audio eta argazkiekin islatuko ditu webguneak. Minutuz minutuko kontakizuna sare sozialen bidez ere jarraitu ahal izango da.

Era berean, zenbaketa aurrera joan ahala, datuak etengabe gaurkotuko ditu eitb.eus-ek hauteskundeei buruzko atari berezian, baita Twiterreko kontuan ere. Bozketaren minutuz minutukoa, eguneko gertakariak eta partaidetza datuak jarraitu ahal izango ditugu bertan.