Itxi

telebista

Datorren igandetik aurrera

'#Basquexperience', turismoari buruzko saio berria hasiko da ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Datorren igandean, azaroaren 17an, hasiko da Adela Gonzalezek aurkeztuko duen programa berria. Euskadin turismo aktiboa sustatzea du helburu.

  • Sonia Perez Turismo sailburua eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia

    Sonia Perez Turismo sailburua eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia. Argazkia: EiTB

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perezek Euskadiko turismoaren irudi berria aurkeztu du. Horretan laguntzeko, kanpainaren lema eta doinu bereizi eta espezifikoa ere eman ditu ezagutzera. Halaber, Turismo Sailak barne-merkatua bereziki sustatzeko EiTBrekin elkarlanean egin dituen hainbat telebista-saiotan agertuko da irudi berri hori. Sailburuarekin batera, EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek aurkeztu du '#Basquexperience' telebista-saio sorta.

Turismo Sailak sustatutako '#Basquexperience' programaren helburua gure lurralde eder honetan turismo aktiboa bultzatzea da. Irudi zainduen bidez, kostalde, hiri eta barrualdeko paisaia ederrak erakusteaz gainera, denetariko esperientzia turistiko eta jasangarriak eskainiko dizkigu. Adela Gonzalez ETBko kazetari ezagunak aurkeztuko du saioa.

'#Basquexperience'k turismoak euskal ekonomia sustatzeko duen garrantzian jarriko du azpimarra. Badakigu eremu honetan dihardutenentzat eta beste sektore batzuetan ari direnentzat pizgarria dela turismoa; merkataritza, ekoizle txikiak, artisautza eta sormenaren alorrean ari diren enpresentzat, esate baterako.

Halaber, saioak sektore horietako garapenari eta jasangarritasunari loturiko turismo-eskaintza nabarmenduko du.

Atal bakoitzak turismoarekin zerikusia duen gai bat izango du ardatz: 'Enoturismoa', 'Euskal itsasertza', 'Industria turismoa' eta abar.

Pertsona ezagunek ere hartuko dute parte saioan. Anfitrioiak izango dira batzuetan, eta Adelarekin turismo esperientziak biziko dituzten gonbidatuak, beste batzuetan. Esate baterako, Oscar de Marcosek txango bat egingo du Guardian bizikletan, Aitzol Atutxa aizkolaria bizartegi moderno batean ikusiko dugu eta Garazi Sanchez surf txapeldunarekin itsasontzian ibiliko dira.

Sukalde kontuek ere izango dute tartea bertan. Hainbat alderditatik landuko du saioak gastronomia, eta hemengo sukalde eta lehengaien erakargarritasuna ikusgarri egingo du. Adibidez, Araban trufa bildu, eta Sukalki jatetxean prestatuko dute, Maisor kontserba-etxean ontziratuko dituzten antxoa gozoak jango dituzte, eta parrilan erretako sardinak, Santurtzin.

Azken finean, programaren asmoa ikus-entzuleei Euskadik duen eskaintza zabala erakustea da, proposamenen kalitatea eta jasangarritasuna kontuan hartuta.

'#Basquexperience' saioa igandero izango da ikusgai, azaroaren 17tik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en, 23:15 aldera, '360º' saioaren ostean.