Itxi

telebista

22:30ean

Pentsioen inguruko erreportajea, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Egungo pentsiodunen aldarrikapenak ezagutzearekin batera, etorkizuneko prestazioak bermatzerik ote dagoen aztertuko dute.

  • Pentsiodunen Mugimenduko kideak Bilbon

    Pentsiodunen Mugimenduko kideak Bilbon. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Pentsio duinak aldarrikatuz azken urteotan sortu diren mugimenduak hartuko ditu protagonista gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en ikusgai izango den erreportajeak. Pentsionistek bizi duten egoera, euren eskariak eta, oro har, pentsioen etorkizuna aztertuko dute elkarte horietako kideekin eta zenbait aditurekin. 

Espainiako pentsioen sistema belaunaldien arteko elkartasunean oinarritzen da. Egungo langile aktiboen kotizazioekin ordaintzen dira egun aktibo ez dauden langileen prestazioak, erretiratuen pentsioak, besteak beste. 

Etorkizuna, baina, ilun ikusten da. 'Baby boom' garaiko belaunaldia erretiroa hartzen hasi da. 2050. urterako, Estatu espainiarrak Gizarte Segurantzan kotizatzen duten 28,5 milioi herritar beharko ditu ordurako aurreikusita dauden pentsioak ordaintzeko. 

Euskadiko egoerari ere erreparatuko diote. Pentsioetara zuzendutako gastuak gora egin du, bizi-itxaropenak gora egin duelako eta erretiratu askok, ikasketa maila altua izanik, pentsio altuagoak dituztelako. Gainera, jaiotza-tasa oso baxuak ditugu, eta, honenbestez, etorkizuneko prestazioak bermatzea zaila da. 

Erreportajean, hauek agertuko dira: Jon Fano eta Andrea Uña, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea; Mariapi Mintegia, ezgaitasun fisikoa duten pentsioduna; Jospo Barrutia, funtzionario jubilatua; Benito Gorbea, baserritar pentsionista; Ramón Jauregui, abokatu, lehendakariorde, sailburu eta ministro ohia; Mari Carmen Gallastegui, Ekonomia Teorian katedraduna eta sailburu ohia; Carmelo Sainz de la Maza, Elkarkidetzako presidentea; Ignacio Zubiri, Ogasun Publikoko katedraduna; Unai Martin, soziologoa, eta Ignacio Marco-Gardoqui, enpresari eta ekonomista. 

'¿Quiénes pagarán nuestras pensiones?' erreportajea gaur izango dugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.