Itxi

telebista

Durangoko Azoka

'Kartzela' serie digitala aurkeztu dute Durangoko Azokan

EiTB

'Kartzela' serie digitalaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera 'Arnasa gara' kanpainaren bigarren faseari.

  • 'Kartzela' webseriaren aurkezpena

    'Kartzela' webseriaren aurkezpena. Irudia: EiTB

Ostiral honetan, abenduaren 6ean, 'Kartzela' serie digital berria aurkeztu dute Durangoko Azokako EiTB Gunean. Aurkezpenean, 'Arnasa Gara' kanpainaren sustatzaileek, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, 'Kartzela' seriearen ekoizleek eta aktoreek parte hartu dute, 'Arnasa Gara' kanpainaren bigarren faseari hasiera emanez.

Arnasguneak eta udalerri euskaldunak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpainaren baitan sortu da 'Kartzela' serie digitala, mezua euskal herritar guztiengana helarazi nahian. Hiru Damatxo ekoiztetxeak EiTBrekin elkarlanean ekoiztutako serie digitala da. Zazpi ataleko lana da, eta abenduaren 9tik 15era izango dira ikusgai EITBren Nahieran plataforma digitalean eta www.kartzela.eus webgunean.

BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak (udalerri euskaldunak eta arnasguneak bereizteko ez dago marra zurrunik, baina oro har euskararen ezagutza zein erabilera %80 ingurukoa duten udalerri euskaldunak hartzen dira arnasgunetzat). BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BEC barruan? Nola moldatuko dira hain izaera desberdina duten sei pertsona elkar ulertzeko? Kasualitatea izan ote da ala beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?

Erika Olaizola, ‘June’; Ainhoa Etxebarria, “Garazi”; Iratxe Urkiaga, “Mara”; Juanen Saralegi, “Juan”; Sambou Diaby, “Iba” eta Amaiur Epher, “Ekhi” dira Kartzela serie digitaleko protagonistak. Arnasgunetako herritarrak dira guztiak: Azpeitia, Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazi, hurrenez hurren, eta tokian tokiko euskalkian aritzen dira. Aktoreak aukeratzerakoan, euren jatorria, herria, arnasgune bat izatea lehenetsi dute zuzendariek, Arnasa Gara kanpainaren barruan ekoitzi baita serie digital hau. Nahiz eta gidoia euskara batuan idatzita egon, aktore bakoitzak askatasuna izan du bere jatorrizko euskaran modu naturalean aritzeko.

Aurkezpenean parte hartu dute: Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakariak; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak; Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak; Mikel Arregi, Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendariak; Lander Arretxea, Hiru Damatxo Ekoiztetxeko kideak; 'Kartzela' serie digitaleko gidoilarietako batek; eta Ainhoa Etxebarria eta Iratxe Urkiaga aktoreek, Garazi eta Mara pertsonaiei bizia ematen dietenak, hurrenez hurren.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista