telebista
16:00etan
Euskal Herriko Itzuliko perlak, datorren asteko txirrindularitza tartean
EiTB
Iban Mayok, Alberto Contadorrek, Alejando Valverdek, Mikel Landak, Purito Rodriguezek eta Ion Izagirrek lortutako garaipenak eskainiko dira.
-
Ion Izagirre 'Itzuliko perlak' saioko protagonistetako bat izango da
Euskaldunek Giroan lortutako balentrien ostean, Euskal Herriko Itzuliaren txanda izango da aste honetan ETB1ek eta eitb.eus-ek zabalduko duten txirrindularitza tartean. Itzuliko perlak izenburupean, txirrindulari desberdinek lorturiko garaipenak berriro ikusteko aukera izango dugu arratsaldero, 16:00etan.
Astelehenean, Iban Mayo izango da protagonista. 2003ko Itzulian hiru etapa irabazi ostean, garaipena nagusia ere beretzat izan zen. Goitik behera landuko dute edizio hartan gertatutakoa.
Asteartean, Alberto Contador izango dute jomugan. Garaipen mordoa lortu ditu Euskal Herriko Itzulian eta horien errepasoa egingo dute. Asteazkenean, berriz, Alejandro Valverderen txanda izango da. Honek ere etapa asko irabazi zituen Itzulian. Ikus-entzunezko harribitxi asko izango dituzte lagun emanaldian.
Osteguneko saioa Mikel Landari eskainiko zaio eta ostiralean, Purito Rodriguezen erakustaldietaz gozatu ahal izango dute zaleek (egun honetan 15:00etan hasiko da saioa).
Azkenik, larunbatean, 2019ko edizioko azken etapa izango da ikusgai. Ion Izagirreren itzulia izan ze iazkoa. Irauli egin zuen sailkapena azken egunean. Garaipen gogoangarria euskal txirrindularitzarentzat.