telebista
22:10ean
'Fair Saturday' ikuskizunaren irekitze ekitaldia, gaur, "Oholtzan" saioan
EiTB
Bilbao Arenan grabatutako jaialdian, 1.000 ahots entzungo ditugu kantuan, Bilboko Udal Musika Banda eta beste hainbat musikari ezagun lagun dituztela.
-
Fair Saturday jaialdiaren irekitze ekitaldiko irudia, EiTBren bideo batetik hartuta
"Oholtzan" saioak Fair Saturday, Irekitze ekitaldia. 1.000 ahots ikuskizuna berreskuratuko du gaur gauean, 22:10ean. 2014az geroztiz Bilbon ospatzen den jaialdiaren azken edizioko hasiera ekitaldian 1.000 ahots batu ziren, Bizkaiko Abesbatzen Elkarteko 40 abesbatza ingurutako kideak, hain zuzen ere. Bilboko Udal Musika Bandaren musikaz lagunduta eta José Rafael Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean, abesti klasikoak eta arrakastatsuak kantatu zituzten: Iparragirreren "Gernikako arbola", Leonard Cohenen "Hallelujah", Itoitzen "Lau teilatu" eta Zea Maysen "Negua joan da ta", besteak beste.
Aiora Renteriaren taldea izan zen, hain justu, ikuskizunean parte hartu zuen talde gonbidatuetako bat. Eurekin batera, Urko, Marta Ubieta, Mikel Atxalandabaso, Maira Campbell eta Pascual Molongua aritu ziren.
Jaialdi honen aurretik, Gero Axular dantza taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek.
"Oholtzan" saioa 21:00etatik aurrera izaten da ikusgai, "Gaur Egun" albistegiaren ostean, ETB1en eta eitb.eus-en.